euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zabalik urriaren lehenera arte atzerrian euskara irakasteko prestakuntza ikastaroan izena emateko epea

2019/09/18

Ikastaroa Gasteizen egingo da, urriaren 4etik azaroaren 30era bitartean
Ikastaroa Gasteizen egingo da, urriaren 4etik azaroaren 30era bitartean

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Zabalik da urriaren 1era arte atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastarorako izen-emate prozedura. Etxepare Euskal Institutuak EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzarekin batera antolatutako ikastaroa da hau, eta Gasteizen egingo da aurten, urriaren 4etik azaroaren 30era bitartean, Etxepare Euskal Institutuak ohar batez adierazi duenez.

Ikastaroaren helburuak askotarikoak dira. Batetik, lanerako estrategia eraginkorra proposatu nahi du, euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan. Testuinguru elebakar eta eleanitzetan euskarak dituen berezitasun eta zehaztasunak ere erakusteko asmoa du; baita alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta. Azkenik, atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzeko helburua du, IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez.

Prestakuntza ikastaroaren lehentasunezko hartzaileak Humanitateetako goi-mailako graduatu eta lizentziatuak izango dira, betiere aipatzen diren hizkuntza eskakizunak betetzen badituzte. Lekua soberan bada, Giza Zientzietako 4. mailako ikasleak eta beste lizentzia edota graduetako graduatu eta lizentziatuak ere sartu ahal izango dira; partehartzaile gehienezko kopurua (40) bete arte. Prestakuntza ikastaroak hainbat gai jorratuko ditu, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta.

Ikastaroaren zuzendaritza EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Saileko Mari Jose Olaziregi Alustizak darama batetik eta, bestetik, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendari Garbiñe Iztueta Goizuetak.

Ikastaroaren matrikula online egin ahal izango da; informazio gehigarria esteka honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia