euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabier Gil: "Krisiak euskal gazteak ekarri ditu Limara eta Euskal Etxeak lagundu eta ateak zabalik hartu ditu"

2016/04/07

29 urte dauzka duela sei Liman bizi den Xabier Gil Hernandez iruinsemeak (argazkia EuskalKultura.com)
29 urte dauzka duela sei Liman bizi den Xabier Gil Hernandez iruinsemeak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Peruko Liman bizi da duela sei urtedanik Xabier Gil iruinsemea. Ikasketaz ingurumena eta nekazaritzari lotua, gertutik ezagutzen ditu bertako indigenak, artekoa baitu neskalaguna. Limako Euskal Etxeko kide eta euskara irakasle ere bada.

Joseba Etxarri. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa ikasi eta karrera amaierako proiektua Perun egitera joan zen 2007an Xabier Gil Hernandez iruinsemea. Bertan mundu desberdina oso ezagutu zuen eta herrialdeari lotua bizi da geroztik. Pare bat urte pasexetan Ingurumen Zientzietan EHUn lizentziatu eta 2010ean, Perura itzulita, egun aurrera daraman ibilbideari ekin zion. Hizketa gozokoa, gazte ekimentsu eta deliberatua da, eta dagoen lekutik inguruari hondar-alea ipintzen saiatzen da, euskal erroak ahaztu gabe, baina momentu honetan geroa eta planak Perun ezarrita, Diasporako parte.

Karrerarako proiektu batek eraman zintuen egun bizileku daukazun Perura.

-Karrera amaiera proiektua egitera etorri nintzen lehendabizikoz, eta zazpi hilabete pasatu nituen Huancavelica izeneko hiri eta departamentuan. Mendiko eremu oso rurala da, 3.500 bat metroko altueran eta herrialdeko eskualde txiroenetako bat. Komunitateekin egin nuen lan, elikadura alorrean. Quinua eta kiwicha bertako zerealak dira eta lagundu nahi genien transformazio prozesuan, elikadura gisa eta ekonomikoki etekin handiagoa ateratzen eta aukera berriak sortzen. Klima bertan oso gogorra da, gizakiarentzat eta nekazaritzarentzat, eta komunitateen bizimodua ez da beraz batere erraza. Alturaren kontra borrokatuz, ikasten etengabe, oso denbora aberasgarria izan zen niretzat.

Nolako da bertako jendea?

-Oso jende jatorra. Baliabide gutxi badituzte ere, daukatena ematen dizute, eta beren etxeetan sartzen uzten, eta jatera eta lo egitera eskuzabal gonbidatzen: jarrera ikaragarria daukate. Irabazi egin behar duzu, baina, beren konfidantza. Eremu ruraletan kitxueraz mintzo dute eta ni bertako GKE bateko kide batekin joaten nintzen, neu txuria izanik eta kitxuera mintzatu gabe, besterik gabe sartzea, zaila baita. Historikoki sofritu duen jendea da, baita batzuetan GKEak tarteko ere, proiektuak hasiz eta bukatu gabe utzita alde eginez. Mehategi asko dituen herrialdea da Peru, eta konkistadoreen garaitik, asko izan dira hona probestera eta begiramenik gabe ustiatzera etorri direnak. Nire aldetik, esan beharra dakat, Huancavelican topatu nuela bikote dudan neska, Ania Ayuque. Bere amak zubilana egiten du komunitateekin kitxuera medio.

Euskal Herrira itzuliko zinen, baina Ingurumena ikasteko, ordurako planak Perurako egiten hasita.

-Hainbat ikasgai baliokidetuta bi urtetan atera nuen titulua Ingurumen Zientzietan EHUn. Urtearo hilabete etorri nintzen Perura neskalaguna bisitatzera, buruan hona etortzea neukan-eta. Gainera, 2010a zen eta ordurako krisialdia somatzen zen Europan. Hasieran urak eta enpresen hondakinak eta euren kutsapen maila neurtzen egin nuen lan. Peru osoa goitik behera ibili nuen kamioneta batean. Hemengo ekonomia mehatzetan oinarritzen da bereziki eta gatazka handiak daude, komunitateak, multinazionalak, historikoki ez baitzaio kutsadurari sobera erreparatu. Izugarrikeriak egin dituzte, jendearekin eta ingurumenarekin.

Limako Euskal Etxera 2011ean hurbildu zinen.

-Bai, hurbiltzen hasi nintzenean kideen bataz besteko adina altua zen eta ostegunero egiten zuten afaria zen EEaren ekimen ia bakarra, tartekako beste ekitaldiren bat kenduta. 2012etik aurrera, berriz, Europako krisiak butzatuta, gazte euskaldunak hasi ziren etortzen. Horietako batzuk, 2014an sortu genuen LEGAZ, Limako Euskal Etxeko Gazteria. Facebooken gaude eta dezente dinamikoak gara, pozik gabiltza. Euskara eskolak dauzkagu Euskal Etxean, Euskal Herriko jaiak ospatzen ditugu, txangoak antolatzen, filmak ematen, Korrika, Aberri Eguna ospatzen, ekintza sozialak laguntzen Peruko oihanetan bizi diren haur eta familiekin... Poxa eman eta laguntzen digu gure hemengo bizimodua osoagoa izan dadin.

Peru leku egokia al da emigratzen pentsatzen ari diren Euskal Herriko gazteentzat?

-Herrialdeak ekonomikoki gora egin du azkeneko urteotan. Asko eraikitzen ari dira eta lana topatzea erraza da europarrentzat. Aldi berean, hona etortzen denak gogoan hartu behar du gaztelania hitz egitea zalantzarik gabe abantaila bada ere, gauza bat dela leku bateko hizkuntza mintzatzea eta beste bat bertakoekin aise elkar ulertzea. Hemen bertako kultura eta ohiturak dauzkate, erritmoa hangoa baino mantsoagoa da eta etortzen denak errespetuz eta lasaitasunez etorri behar du. Esaterako, guri esaten digute, zuzenegiak edo zakarregiak garela geure moldeetan; hemen xuabeagoak dira, beti mesedeka bezala eskatzen dituzte gauzak. Lima, bestalde, 10 milioi biztanleko hiria da, bizitzeko askotan eromena. Baina bai, aukerak badaude. Euskal Etxea eta gazte euskaldun taldea ere badugu eta norbaitek etorri nahi badu, zalantzarik ez ateak zinez zabalduko dizkiogula eta lagunduko diogula eta aholku emango diogula gustu handiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia