euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Usue Aliende Urrutia: "Gure kultura ospatu, zabaldu eta lagundu nahi diegu Bristola datozen euskal gazteei"

2016/02/19

28 urte ditu Usue Aliende Urrutia Bristolgo Euskal Etxe gazteko lehendakariak (argazkia EuskalKultura.com)
28 urte ditu Usue Aliende Urrutia Bristolgo Euskal Etxe gazteko lehendakariak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Prozesuen hobekuntzan ingeniaria da Usue Aliende Urrutia mungiarra. Hogeita zortzi urte eta kurrikulum profesional politaren jabe, Usuek bost urte daramatza Ingalaterran eta aeronatika alorrean egiten du lan. Bristolen sortzen ari den euskal etxearen eragile eta aurreneko lehendakaria ere bada.

Joseba Etxarri. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak hasi eta azkeneko urtean Erasmus gisa joan zen Ingalaterrako Cranfield unibertsitatera Usue Aliende Urrutia. 2011ean izan zen hori. Geroztik, aukerak bata bestearekin kateatu ditu eta Bristolen bizi da gaur egun, Ingeniaritza EHUn eta masterra eta doktoradutza ere Ingalaterran aterata, lanpostu politean Airbus eta aeronautika gaiei lotuta. Pozik dabil Ingalaterran, ikasketak enpresen beharrei lotu samar eskaintzen dituen Cranfield-en egiteak bide arras interesgarria zabaldu baitzion. Lan aldetik finkatuta eta Ingalaterran laketu samar, ez da horrekin konformatzen eta estra ahalegintzea eskatzen badio ere, hautatu berria dute, eta onartu berria du, bera eragile Bristolen abenduan sortua den euskal elkarte gaztearen lehendakaritza.

Ingenieritza titulua EHUn atera, baina azkeneko urtea Cranfield-en egin zenuen, eta geroztik Ingalaterran zabiltza.

-Aukera ederra sortu zitzaidan-eta, Erasmus etorri eta titulazio bikoitza deitzen dutena lortzeko; hemen masterra, eta han karrera bukatzeko proiektua aldi berean egiteko. Cranfield-era Euskal Herriko beste 12-13 pertsonarekin etorri nintzen, bakoitza bere masterra egitera. Mundu osoko jendea biltzen da bertara, oso eskola anitza da, beka asko ditu eta Europa osoko eta beste hainbat lekutako ikasleak dauzka; ikasketez gain pertsona bezala ere asko aberasten zaitu, beste kulturetako jendeekin tratatu eta elkarbizi behar baituzu. Graduondoak bakarrik dauzkate, masterrak eta doktoretzat, eta unibertsitateak lotura handia dauka enpresekin eta industriarekin, haiek babesle edo kolaboratzaile dira tesiek eta ikasleen lanak erabilgarritasuna izan dezaten, ikerlan hori konpainiei eta industriari baliagarri izan dakion.

Airbusi lotua, fabrikazio prozesuaren diseinu ebaluaketaz egin zenuen tesia.

-2012ko irailean aurkeztu nuen. Itzuli eta EHUn irakasle izateko asmoa neukan baina Cranfield-en doktoretza egiteko leku bat zegoela libre jakin, kurrikuluma bidali eta hartu egin ninduten; beraz etxekoei esan behar izan nien beste hiru urtez behintzat behar nuela gelditu. Doktoretza tesia 2015eko urrian entregatu nuen, baina hamabost egun lehenago gaur egun nire jefea denak deitu eta lana eskaini zidan, eta ezin nion ezetzik esan, oso lan polita eta baldintza onekoa baita, aukera on bat. Giro ona daukagu gainera, eta lanpostu finkoa da, beraz oraingoz hemen nabil. Etxekoak zai ditut, beraz. Izan ere, familia eta bizitza osoko lagunak dira hemen gehien faltan botatzen dituzun gauzak, Skype eta WhatsAppa etengabe daude martxan.

Nolatan euskal etxe bat sortzearena?

-Eboluzio bat izan da. Euskaldunak batzen hasi zena Iñaki izan zen, gaur egun Euskal Etxeko idazkari dena; nire lehenengo urtean, 2011an, Airbusen lanean zeuden euskaldunak batzen hasi zen eta astean behin geratzen hasi ginen, elkarrekin bazkaldu, euskaraz egiteko eta elkar hobeto ezagutzeko. Geroago Facebook orrialdea abiatu genuen eta apurka apurka jendea batzen hasi zitzaigun. Beraz, denborarekin, eta ikusita gure arteko batzuk hemen geratzen hasiak zirela pentsatu genuen Facebookez haratago zerbait egin behar genuela, eta bestelako gauzak antolatzen hasi ginen. Lehenengo pintxo-gau bat egin genuen nire etxean, bakoitzak pintxo plater bat ekarrita. Geroago Korrikaren hemengo bertsioa antolatu eta egunpasa egin genuen, jolasak, irrintzi lehiaketa, galderekin Korrikari buruz. Izan ere, konturatu ginen ilusioz geundela eta prest geundela gauzak modu serioago eta egonkorragoan antolatzeko.

Zer profileko jendea zarete?

-Gehienak jende gaztea, 25, 30, 35 urtekoak, baina baditugu baita ere helduagoak, gurasoak umeekin; batzuk Airbusekoak eta ingeniariak dira, Bristolen ingeniari asko baitago, baina badira baita ere erizainak, programatzaileak, turismo arlokoak... Gure asmoa Bristolen euskal kultura zabaltzea da, guretzat eta bertako jendearentzat. Gure festak antolatu nahi ditugu, baina bertakoei zabalik. Bistan da, erabat prest gaude hona datozen euskal gazteei laguntzeko, aholku ematen, etxea topatzen laguntzeko... Aste honetan bertan gazte bat izan dugu, Iparraldekoa, Europan barrena bidaiatzen ari dena; jakin zuenean Bristolen euskaldun talde bat zegoela, Facebookera idatzi zigun eta Joanak, gutariko batek, lapurtarra bera, lekua egin zion egun batzuetan bere etxean. Izan ere, argi daukagu, gure indarren arabera, baina lagundu nahi diegula Euskal Herritik hona lan bila datozen euskaldunei.

Joan den abenduan izan duzue jaiotze ofiziala.

-Bai (irribarrea sortzen zaio). Elkarte ofiziala izateak lagundu eta animatu egiten gaitu. Oraingoz paperak aurkeztuak ditugu hemen legeztatuak izateko, eta gure asmoa pausoak ematen segitzea da; euskal etxeen nazioarteko sareko kide bilakatu nahi dugu eta munduko euskal komunitateko hemengo partaide izan. Hasteko, Londresko Euskal Etxekoekin harremanetan gaude, haiengandik ikasteko eta lankide izateko. Eusko Jaurlaritzaren aurrean legeztatzeko paperak ere aurten aurkeztuko ditugu.

Zeintzuk dira zuen planak datozen aste eta hilabeetarako?

-Datorren igandean bertan, derbya ikusteko batuko gara. Guztiak ez gara futbolzaleak izango, baina batzeko beste aitzaki bat da. Apirilean Aberri Eguna ospatuko dugu; egun ona ateratzen bada piknik moduko bat eginez eta bestela barruan, musika eta jolasekin, adin guztietako jendea etor dadin. Maiatzean, berriz, Bakioko Belako taldea dator Londresera eta gogor ari gara lanean Bristolera ere etor daitezen, ea posible den. 

-Berehalako proposamen bat ere badaukazue Euskal Herriko edo Diasporako musikarientzat.

-Bai, berez abuzturako da, baina presazkoa, berehala, martxoaren 1ean bukatuko baita izena emateko epea: bada hemen Bath Folk Festival izeneko folk jaialdi esanguratsu bat eta euskal partaideren bat lortu nahi genuke, trikitilari, txistulari, txalapartari, albokari, folk talde edo denadelako... euskal ordezkari izan dadin. Jaialdia abuztuaren 6tik 14ra da, baina izena orain behar da eman. Interesatuta bazaude, idatzi lehenbailehen gure Facebookera, ados jar gaitezen. Norbait badago interesatuta, Londresko euskal etxekoekin ere koordina dezakegu eta bira txiki bat antolatu Ingalaterran.



Komentarioak

  • Usue Alende Urrutia

    Barkatu, Usue, zuzendu dugu dagoeneko. :-)

    EuskalKultura.com, 2016/02/19 11:10

  • Eskerrik asko!

    ...eta zuzenketa txiki bat!
    Mungiakoa naiz, ez Bakiokoa! ;) hihihi

    Usue Aliende (Mungia), 2016/02/19 10:43

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia