euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteurreneko hiru logo eta urtebetetzeko festetarako gonbitea Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen eskutik

2016/05/17

Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 40. urteurrena ospatzeko  hautatutako logoak
Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 40. urteurrena ospatzeko hautatutako logoak

PUBLIZITATEA

40. urteurreneko irudia sortzeko deialdia egin zuen Maipu hiriko Anaitasuna Euskal Etxeak. Jasotako lanak aztertu ondoren hiru aukeratu dituzte etxeko kideek urtemuga berezi hau irudikatzeko. Berri honekin batera, gonbite bat luzatzen dio Euskal Etxeak komunitateari: uztailaren 10ean, Urteurren Bazkaria egingo dute maiputarrek; urriaren 8an, berriz, Urteurren Jaia.

Maipu, Argentina. 40 urte betetzen ari da 2016 honetan Buenos Aires probintziako Maipu hiriko euskal etxea eta urtebetetzeari dagokion ekintzen programa bat antolatu du lagun, bazkide eta herritarrekin batera ospatzeko. Urteko aktibitate arruntekin jarraitzen duten bitartean, bi hitzordu berezitara gonbidatu dute Anaitasuna-ko arduradunek.

Uztaileko Urteurren bazkaria

Uztailaren 10ean Urteurren Bazkaria egingo dute, San Fermin jaiaren ospakizunarekin batera. Jaialdi honetarako, Egunabar dantza taldeko garai guztietako kideak gonbidatu dituzte. Alicia Ithurrartek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “dantzari ugari bilduko gara, dantzari ugari aritu baitira 1976tik hona Euskal Aste Nazional guztietan parte hartu duen taldean; gizarte sareen bidez, aurrez aurre… era guztiak erabiliko ditugu deia helarazi eta Egunabar taldeko dantzariak berriro elkartzeko”.

Bazkariaren baitan zenbait omenaldi egingo zaizkie berrogei urte hauetan instituzioari euren laguntza eman dioten hainbat jenderi. Sarituen artean, dantza taldeen zuzendariak, Anaitasuna Euskal Etxea nazioarteko txapelketetan ordezkatu zuten muslariak eta dantzarien jantziez eta eszenatokiez arduratu ziren lagunak.

Urriko Urteurren Festa erraldoia eta logoak

Urriaren 8an, berriz, Urteurren Jaiaren tenorea izango da eta festaren ekintza nagusia, dantza emanaldia. Egunabar taldearen errezitalaz gain, dantzari ohiek osatutako ‘Itzultzeko’ izeneko taldea ere aurkeztuko da. Jaian zehar, janari tipikoak, oroigarriak eta Fabian Mayaren zuzeneko musika ere eskainiko dizkie Euskal Etxeak gonbidatuei.

Urteurreneko logotipoei dagokienez, deialdia egin eta gero aurkeztu diren proposamenak azterturik, euretako hiru izan dira hautatuak eta hirurak agertuko dira pegatinetan eta kideek euren etxeetan jasoko dituzten egutegietan. Egileak Nicolas Fagoaga, Amaya Gestido eta Laura Etcheverrry dira, Alicia Ithurrarterekin batera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia