euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko euskal komunitateak eta Limako Euskal Etxeak laguntza kanpainak jarri dituzte abian Andeetako uholdeetako kaltetuen alde

2015/04/13

Peruko Chosica herrian txikizioa egin dute huayco edo lubiziek (argazkia El Comercio)
Peruko Chosica herrian txikizioa egin dute huayco edo lubiziek (argazkia El Comercio)

PUBLIZITATEA

Azken asteetan Txilen eta Perun izan diran euriteak direla eta, uholdeak eta lubizi larriak izan dira. Kalterik handienak jasan dituzten lekuak Txileko Atacama ingurua eta Peruko Chosica eta Huarochiri hiriak izan dira, Limatik gertu. Bertako biztanleei laguntzeko elkartasun kanpainak jarri dituzte abian bai Txileko euskal komunitateak, bai Limako Euskal Etxeak.

Donostia-San Sebastián. Txileko Valparaisoko Euskal Etxetik heldu zaigu elkartasun kanpaina honen deia. Azken asteotan Txileko Atacama inguruan izan diren uholde larriek lubiziak eragin dituzte, eta bertako herritar asko etxerik gabe eta laguntza beharrean gelditu dira.

Valparaisoko Euskal Etxeko presidente Archibaldo Uriartek zera dio helarazi digun deian: "euskaldunak solidarioak gara, bereziki Txilerekin, herrialde honek euskaldunak eskuzabal hartu dituelako beti, beste garai batzuetan eta beste arazo batzuekin hona etorri ginenean. Orain, jasotako elkartasuna bueltatzeko ordua da, Txileko Iparraldean beharrean direnei lagunduz".

Elkartasun kanpaina Txileko euskal komunitate osoari zuzendua da eta euskal etxe, enpresa eta erakundeei ere luzatu zaie deia. Valparaisoko Euskal Etxeari dagokionez, laguntza horien kudeaketaren arduraduna Amaia Ortega, euskara irakaslea, izango da. Galderak egiteko edo laguntza emateko, jarri berarekin harremanetan amaia.eus@outlook.es e-mailera idatziz, edo 56977828087 mugikorrera deituz. Informazio gehiago euskal etxearen e-mailera idatziz: vascovalpo@entelchile.net.

Baita Perun ere

Perun ere larriak izan dira uholdeak eta euskal komunitatea herrikideei laguntzeko abian jarri da. Oso gertu izan dituzte arazoak Liman, lubiziek kaltetutako Chosica eta Huarochiri hiriburutik 30 kilometrora baino ez daude eta. Legaz (Limako Euskal Gazteria) gazte taldeak elikagai eta arropa bilketa kanpaina jarri du abian. Limako Euskal Etxean (Av. La Reserva Nº 297 , Miraflores) ari dira jasotzen elikagai horiek (ura, esnea, arroza...) eta berokiak.

-Txile eta Peruko lubiziei buruzko informazio gehiago, hemen.
-Peruko Chosica hiriko uholdeei buruzko albistea, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia