euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sustraiak taldeak 28 urte bete ditu euskara eta euskal kultura sustatuz Frantziako hiriburuan Eskual Etxetik

2007/11/07

Sustraiak taldearen euskara ikastaro bat
Sustraiak taldearen euskara ikastaro bat

PUBLIZITATEA

Sustraiak, Pariseko Eskual Etxeko euskara taldeak, bere sorreraren 28 urte beteko ditu asteburuan. Hiru hamarkada ia, Frantziako hiriburuan euskara zabaltzen: ikasle gehienak euskal jatorrikoak izan dira, baina urte hauetan izan da ere euskarara bildu den japoniarrik edota egiptoarrik, esaterako. Urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Sustraiakekoek: Itxaro Borda idazlearen eta Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordearen mintzaldiak, mahainguruak, afariak eta irakasle eta ikasle ohien topaketa, besteak beste.
Sustraiak euskara taldeak ekitaldi ugari antolatu ditu bere 28. urteurrena ospatzeko. Data biribila izan ez eta, taldearen lehendakari Iñigo Leturiak horretarako arrazoia badagoela azaltzen du: 'Berez 25. urteurrena ospatu nahi genuen, baina erregistrora joan ginenean taldearen sorreraren paperen bila, 28. urtea betetzen genuela jakin genuen!'. Are arrazoi gehiago ospatzeko, pentsatu zuten. Izan ere, ia hiru hamarkada pasata egun ere euskarak une ona bizi du Pariseko Euskal Etxean. Sustraiak taldearen euskara ikastaroan 75 ikasle eta 8 irakasle daude aurten. Eta elkarteak zabaldu berri duen internet bidezko ikastarorako 60 pertsonek eman dute izena jada, Iñigo Leturia taldeko lehendakariak aipatzen digunez.

'Eskual Etxea sortu zenetik eman izan dira euskara klaseak, baina denborarekin zerbait ofizialagoa antolatu beharra ikusi zen eta Sustraiak taldea sortu zen', azaltzen du Leturiak. Elkartea sasoi onean dago eta euskara ikastaroez gain kultur ekitaldiak, ikastaro trinkoak eta Euskal Herrira txangoak antolatzen ditu: 'Durangoko Azokara, inauteriak ezagutzera, euskara praktikatzera...'.

Erregioetako Hizkuntzen Eguna

Urteurreneko ekitaldiak bihar hasiko dira, Patxi Baztarrikak, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkulariak emango duten mintzaldiarekin. Jaurlaritzak Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatu duen lankidetza hitzarmenari buruz jardungo dute. Euskararen egungo egoera ere izango dute mintzagai.

Hurrengo hitzordua larunbatean bertan heldu da Herrialde Hizkuntzen Egunaren ospakizunarekin. Ekitaldi honek frantziar estatuan hitz egiten diren herrialde hizkuntza desberdinetako ordezkariak bilduko ditu. Aurtengo topaketa eguerdiko ordu bat t'erdietan hasiko da, hizkuntz hauen egoerari buruzko mintzaldi batekin. Arratsean, bostak aldera, hizkuntza eta nortasunari buruzko mahai ingurua egingo dute. Egunari bukaera emateko partehartzaileek eta gerturatu nahi duen orok afari bat egingo dute eta talde euskaldun, korsikar eta bretoiek alaituriko dantzaldiaz gozatuko.

Garai bateko ikasleen topaketa

Biharamunak, azaroaren 11ak, aspaldiko lagunekin elkartzeko parada eskainiko du, 28 urte hauetan Sustraiakeko ikastaroetatik igaro diren ikasle eta irakasle ohiak bilduko direlako. Eurekin batera egungo ikasleak ere egongo dira. Topaketa bazkari batekin biribilduko dute eta ondoren mus ikastaroa eskainiko du Remi Larrek, jokalari hasi berri zein muslari iaioenentzat.

Ospakizunak hilaren 17an bukatuko dira, Itxaro Borda idazle baxenabartarrak emango duen hitzaldiarekin. 2002ko Euskadi Literatur sariaren irabazlea den Bordak euskal literaturaren egungo egoera izango du mintzagai. Ekitaldia Relais Jussieu kafean (37, rue Linné - Paris Vème) egingo dute.


Lotura interesgarriak

Egitarau osoa
www.eskualetxea.com

Sustraiak taldeari buruzko informazio gehiago
www.eskualetxea.com/sustraiak

Itxaro Borda idazlea
www.armiarma.com webgunean

Euskal jaia Pariseko Eskual Etxean Rugby Txapelketa dela eta
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia