euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Superbowl-a baino ordu batzuk lehenago ospatuko dute Miamin I. Herri Kirol Jaialdia, aldarrikapen kutsuarekin

2016/02/03

Indarbetez daude Miamiko Euskal Etxeko kideak, igandean ospatzekoa duten lehenbiziko Herri Kirol Jaialdiaren harira (Irudia: E.K.)
Indarbetez daude Miamiko Euskal Etxeko kideak, igandean ospatzekoa duten lehenbiziko Herri Kirol Jaialdiaren harira (Irudia: E.K.)

PUBLIZITATEA

Igande honetan, hilaren 7an, Superbowl igandea da AEBetan, bertako kirol gertakizunik handienaren eguna, eta 50. Superbowl-ak telebista errekorrak haustea espera da. Miamin, ordea, bertako euskaldunek izango dute, egun berean baina hori baino lehen, zer ospatu, euren Lehen Herri Kirol Jaialdia antolatu baitute, Jai Alaiaren inguruan bizi direnen eskubideak aldarrikatzeko neurri batean (estatuko legegileek aztergai daukate egunotan), euskal kulturaz gozatzen duten bitartean.

Miami, AEB. Igandean, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 8:00etara bitartean, euskal herrixka baten moduko giroak beteko du Miamiko Royal Palm Island. Herri kirolak, euskal musika, mus txapelketak eta giro ederra izango dira lehengai nagusiak. Jai giroak, baina, aldarrikapen kutsua ere izango du, asteotan Jai Alaiaren egoeraz eztabaidatzen ari baitira Floridako parlamentuan.

Hala ere, debatearen emaitza jakin arte itxaro beharrean, modu aktiboan jarri da martxan Miamiko Euskal Etxea. “Lagunak eta familia ekarri”, dio jaiko iragarkiak. “Euskaldunak bakarrik ez, lagunak oro daude gonbidatuta”.

Boluntario bila

“Zuen denbora baliotsutik ordu pare bat emaiguzue antolakuntzan laguntzeko”, eskatu du Boni Guenetxea antolatzaile nagusiak. Bihar osteguna, arratsaldeko ordu bietatik aurrera, Paella Party enpresaren bulegoan bilera deitua dago, Kirol Jaian izen emateak eta parte hartzeak nola egin zehazteko.

Joango direnek hala adieraztea ere eskatu dute antolatzaileek. Hamar urte eta gehiagoko umeek 10 dolar ordaindu beharko dituzte eta, pertsona nagusiek, 30. Jatekoa, piknikean parte hartzea eta edari baterako eskubidea ematen du sarrerak. Hortik aurrerakoak erosteko tiketak lekuan bertan erosi ahal izango dira. Haur eta gaztetxoentzako hanburgesa eta zizki-mizkiak ere egongo dira, dohain. Bukaeran, 19:00etan, pantaila erraldoi batean Superbowl partida ikusteko aukera izango dute ere futbol amerikarraren zaleek.

Ordutegia

11:00etan: Izen ematea
11:30-12:30: Elkar ezagutzea eta zizki-mizkiak
13:00etan: Txinga txapelketa, aizkolaritza, harri jasotzea eta sokatira
15:00etan: Paella txapelketa (osagai guztiak antolakuntzaren esku). Izena ematea derrigorrezkoa da
16:00etan: Paella afaria
17:00etan: Mus txapelketa (izena ematea derrigorrezkoa da)
18:00etan: Sari banaketa eta Agur Jaunak
19:00etan: Superbowl-a

Informazio +: Boni Guenetxea: +1 (305) 308-4816 // boniguenetxea@euskaletxeaofmiami.org



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia