euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Sangre vasca', Chabel Garanzini Mendiola argentinarraren nobela bere familiaz, Amazonen eros daiteke jada EHtik

2022/02/08

Liburuaren esperientzia izugarriarekin eskertuta dago Chabel Garanzini Mendiola
Liburuaren esperientzia izugarriarekin eskertuta dago Chabel Garanzini Mendiola

PUBLIZITATEA

Sarmiento, Argentina. 2021 oso urte garrantzitsua izan zen Sarmienton, Argentinako Santa Fe probintzian, jaiotako Chabel Garanzini Mendiolarentzat. 'Sangre Vasca' (euskal odola) liburua, bere familiaren izaera eta ibilbide euskal-argentinarra kontatzen duen fikzio historikoa edo historia nobelatua argitaratzearekin betidaniko ametsa bete zuen. Amona, ama eta osaba-izebak Bilbotik Argentinara emigratu zuten 1950ean, eta Chabel Euskal Herriko pasadizoak entzuten hazi zen, blai maitasun eta herriminez beteriko kontakizunez.

Bere arbasoen jaioterria ezagutzera bidaiatu zuen, eta laneko erretiroa hartzeak denbora ekarri zion guztia txukun idatzi eta liburu bihurtzeko. 'Sangre Vasca'k berehala lortu zuen harrera bikaina. Herriko eta probintziako hedabideek, irrati eta egunkariek, elkarrizketatu eta liburuaren berri zabaldu zuten. Diasporako euskal hedabideetan, Radio Megafoneko “Entre Vascos” irratsaioak iazko irailean gonbidatu zuen, eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzak Bilbon sortzen ari den Euskal Diasporaren Artxiboraino helarazi zuen liburuaren ale bat.

Argentinar baten euskal gomutak

Baina sorpresa handienetako bat Bizkaitik heldu zitzaion, Larreinetako (Chabelen ama bertan hazi zen) Auzo Elkarteko kideek, liburuaren berri sare sozialetan izan eta bertsio digitala erosi eta interesatu zirenean. Berarekin harremandu ziren eta horrela sortu zen liburuaren inguruko mahai-inguru edo solasaldi presentzial bat antolatzeko aukera, egileak Euskal Herrira egiteke zuen bidaia bat baliatuz. Hori, azkenean, iazko azaroan gauzatu ahal izan zen.

“Oso eskuzabalak izan ziren nirekin, etxean nengoela sentitu arazi zidaten”, kontatzen du Chabelek. Bitxia ere izan zitekeen, Argentinatik etorritako pertsona bat ari baitzitzaien bertakoei hizketan, bertakoen alaba eta biloba den argentinar bat, Argentinako bere memorian bizirik segitu duten bertako oroitzapen, paisaia eta pasadizoak paperetara pasatu ondoren. “Asko interesatu zitzaien: gerra eta diktadura urteak eta, adibidez, Trapagaran, Larreineta eta La Arboleda lotzen dituen funikularraz egiten ditudan aipuak”.

Idazkuntza boterea

Chabel oso eskertuta eta pozik dago liburua plazaratu ostean gertatutako guztiarekin: "Aurretik pentsa nezakeena baino askoz hobea izan da guztia. Espero nuena baino askoz gehiago gertatu da. Liburuak zirkulazioa polita izan du eta zinez harritu nau idazkuntzaren botereak, sortu duen guztiak, irakurleekin elkartzeak eta euren iritziak jasotzeak". Idazkuntzak inoiz imajinatu gabeko egoerak bizitzera eraman duela aitortzen du: «Nire lana, bere ibilbidean, Perura ere iritsi zen, nire familiaren zati bat bertan bizi baita, liburuan aipatzen dudan bezala».

Baina “Sangre Vasca”ren ibilbidea ez da eten, segitzen du, izan ere gaur egun Argentina osoko liburu-dendetan eros baitaiteke. Horrez gain, argitaletxearen webgunean bere paperezko bertsioa eta bertsio digitala eros daitezke eta, Euskal Herrian interesa euki dezaketenentzat, Amazonen ere hasi da saltzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia