euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Miguelgo Askatasunaren Bideak familien datuak transmititzearen garrantzia nabarmendu zuen bere 16. urtebetetzean

2025/06/24

César Mohr, Mariana Fernández Castelli, Martín Colombet, María Jesús Andrés eta Horacio Marotto Etxezahar, San Miguelgo Askatasunaren Bidea Elkartearen erreferenteak. Kultur Elkartearen urteurreneko postalak: hitzaldia, brindisa eta opila
César Mohr, Mariana Fernández Castelli, Martín Colombet, María Jesús Andrés eta Horacio Marotto Etxezahar, San Miguelgo Askatasunaren Bidea Elkartearen erreferenteak. Kultur Elkartearen urteurreneko postalak: hitzaldia, brindisa eta opila

PUBLIZITATEA

San Miguel, Argentina. Euskara klaseak, hitzaldiak, zine emanaldiak, oroitzapen ekitaldiak, partaidetza azoka eta ekitaldietan, literatura zikloak eta ikerketa historikoak dira "Askatasunaren Bidea" Euskal Argentinar Elkarteak 16 urte hauetan abian jarritako ekimenetako batzuk. Ekainaren 21ean, euren urteurrena ospatzearren, San Miguelgo euskal elkarte aitzindariak "Euskaldunak, etorritakoak" izeneko hitzaldia antolatu zuen, Mariana Fernández Castelli eta Horacio Marotto Etxezahar hizlari. Ondoren, bertaratutakoek pintxoz eta edariz estalitako mahai baten inguruan egin zuten topa eta "Zorionak zuri" abestuta, urtebetetze opila partekatu zuten, biharamunean euren lan garrantzitsuari berrekin aurretik.

Mintzaldia larunbat arratsaldean izan zen, herriko "Domingo F. Sarmiento Udal Liburutegi Herrikoi”an. Solasgaien artean artean, gehien bat Iparraldeko etorkinak ziren haiek lurralde hauetara, Buenos Aires hiritik 34 km ipar-mendebaldera, iritsitakoan, izan zituzten lanbide nagusiak. Ardi-hazkuntzaren garrantzia eta esne-ustiategiek izan zuten funtsezko rola azpimarratu zuten. Eta horrekin batera hainbat auzo, metalurgia-enpresa eta baita zinema-estudio bat ere sortzen izan zuten paper protagonikoa jorratu zuten.

 
San Miguelgo euskaldunak gogotsu, Askatasunaren Bidea Elkartearen urteurrena kari bilduta

Mahaigaineratutako istorioen artean Patalagoïty familiarena, Los Nogales auzoaren sortzailea, gaur egun Malvinas Argentinas den partidoan kokatua; edo Borthaburu familiaren kasua, El Tato auzoaren sortzailea; eta Machinandiarenatarrak, Bella Vistan 'Estudios San Miguel'en sorrera sustatu zutenak. Zinemari eskainitako gune harek garaiko teknologia eta ekipamendurik onena erabili zuen, Hego Amerikako zinema-estudio aurreratuena bilakatzeko. Aipatu zituzten baita ere Euskal Herritik etorritakoek eta euren ondorengoak arlo jakinetan egindako lana, politikan, artean eta kirolean, besteak beste.

Elkarteak, bertako euskal historia berreskuratzen daraman ikerketak eta lan horretan egindako aurrerapenak partekatu zituen eta gondapena luzatu zien oraindik hala egin ez duten familiei euren datu, testigantzak eta arbaso etorkinei buruzko informazio eta pasadizoen berri emateko. "Ez dugu informazioa galdu behar, gure aurrekoen historia eta datuak gorde behar ditugu, gure gaurko errealitatearen aitzindari izan baitziren". 'Askatasunaren Bidea' elkarteko kide gazte Aluhé Floresek EuskalKultura.eus-i iritzi dionez, “Hitzaldia interesgarria izan zen oso, eta publikoak ere parte hartu zezan diseinatu zuten. Elkarteetan eta San Miguelgo Artxibategi eta Museo Historikoan bildutako informazioaz gain, pertsonek euren familiei buruz emandako xehetasunak partekatu zituzten: garrantzitsua da oso partaidetza hori”, laburbildu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia