euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat-en Aberri Egunak Gorka Alvarez bilduko du ekitaldira, EEa 110 urte ospatzen ari den urtean

2022/04/13

Aberri Eguna ospatuko dute eta Gernikako Bonbardaketa gogoan izango dute Gernika Plazan
Aberri Eguna ospatuko dute eta Gernikako Bonbardaketa gogoan izango dute Gernika Plazan

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Rosarioko “Zazpirak Bat” Euskal Etxea 110 urte ari da betetzen aurten, eta urte osoa iraungo duen ospakizun egitaraua iragarri du. Datorren asteko igandean hain zuzen, apirilaren 24an, elkarteak Aberri Eguna ospatuko du, Gernika Plazan, euskal etxetik hurbil. Jaia eguerdiko 12etan hasiko da, ikurrina eta Argentinako bandera jasoz. Euskal janaria dastatzeko aukera eskainiko da, txosna gastronomiko bat tarteko, Txapela sagardoa ere dastagai, zuzenean kupeletik. Beste stand batek euskal kulturaren berri emango die hurbiltzen direnei.

Zuzendaritza Batzordeko Fernando Lizarbek aurreratu digunez, ekitaldian Guillermo Canut Garramiola presidentea bertaratutakoei zuzenduko zaie, eta ekitaldiak partaide izango ditu, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu eta Sara Pagola Aizpiri, Eusko Jaurlaritzak Argentina-Mercosurren duen ordezkaria, Arantxa Anitua FEVAko presidentearekin batera.

Euskal etxeko dantza taldeek bi aurkezpen egingo dituzte, eguerdiko 12:30ean eta arratsaldeko 2.30ean, hurrenez hurren.

Egun gutxiren bruruan, apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrena denez, plazan dagoen kimuari lore eskaintza egingo diote eta “Gernikako Arbola” abestuko. Biharamunean, astelehen goizean, Banderaren Monumentu Historiko Nazionaleko Banderen Aretoan omenaldia egingo zaio ikurrinari eta Rosarioko Udalbatzaren Vasallo Jauregian, Bisitari Bereizien adierazpena emango zaie euskal agintariei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia