euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat-ek Dantzari Egunaren Aurretiko Jaia ospatu du, iraileko Dantzari Egunaren trebagarri

2018/06/06

PUBLIZITATEA

Dantzariak beti daude dantzatzeko prest eta Rosariokoek ezin izan dute irailera arte itxaron Euskal Etxeak orduan ospatzen duen Dantzari Eguneko festara arte. Dantzarako grina lagun, Dantzari Egunaren Aurretiko Jaia deitu duten hitzorduan bildu ziren, joan den ostiral gauean, garai guztietako dantzariak partaide. Berri honekin batera, berbegiratua eman diegu Santa Fe probintzia argentinarreko hiri honetako azken boladako jarduerei.

Rosario, Argentina. Bi ardatzen inguruan mugitu da Zazpirak Bat-ek antolatutako Dantzari Egunaren Aurretiko Jaia: batetik, dantzaria izan dena beti dela dantzari eta adina gorabehera, ez duela bere burua dantzari ohi-tzat ikusten; eta bestetik, Euskal Etxeak urtero dantzarien omenez antolatzen duen jaia irailean dela, eta dantzari egiazko zale batek ezin duela horrenbeste egon bere zaletasun hori lagunekin landu gabe.

Bi puntu hauek kontuan hartuta joan den ostiralean, ekainaren 1ean, egin du Rosarioko Euskal Etxeak Dantzari Egunaren Aurretiko Jaia delako hau eta ondo baino hobeto pasatu zuten bildutako lagunek. Giro ederreko afaria partekatu zuten eta afalostean guzti-guztiak animatu ziren dantzatzera, adin guztietako lagunak elkarren partaide.

San Prudentzio, Gernikako Bonbardaketa eta Aberri Eguna

Bertatik, euskal etxeak azken hilabeteetan garatu dituen aktibitate ugariak aipatu dizkigute Zazpirak Bat-eko kideek. Maiatzaren 4an eta aretoa bete ospatu zuten, esaterako, San Prudentzio festa. Arabako patroiaren omenezko jaiak, otordua ere baitaratu zuen, babarrun gorriak eta osagai tradizionalak barne.

Gernikako Bonbardaketaren urteurren egunean, berriz, eta urtero egin ohi dutenez, zeremonia bat egin zuen Rosarioko euskal gizataldeko kideek Gernika Plazan. Bertan lore eskaintzarekin batera, Aurreskua dantzatu zuten Gaztedi Zutik taldeko gazteek. Apur bat lehenago, Aberri Eguna ere ospatu zuten, aurten bi ekintzarekin programan: pilota txapelketa eta ohiko afaria.

Datozen asteei begira, Zine Zikloak jarraituko du Euskal Etxean eta dantzariak, sasoi betean daudenak eta sasoian ez baina gogoz beti lagun direnak, iraileko Dantzari Eguna hasi dira prestatzen.

Ekintzetako argazki gehiago, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia