euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergaminon hasiko du Pascual Barturen organo jotzaile bakiotarrak bira Argentinan, ekainaren 14raino

2015/05/20

Pergaminoko Nuestra Señora de la Merced eliza (argazkia EuskalKultura.com)
Pergaminoko Nuestra Señora de la Merced eliza (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Atzo jakinarazi zituen biraren antolaketa lanen ardura hartu duen Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak, Pascual Barturen organo jotzaileak, Euskal Herritik etorrita datorren astetik aurrera Argentinan egingo duen biraren xehetasunak. Lehenengo kontzertua Pergaminon joko du, maiatzaren 30ean, eta ekainaren 14ra bitartean Rosarion, Misionesen eta Gualeguaychun ere aurkeztuko da. Honakoei beste kontzerturen bat gehituko balitzaiei jakin bezain pronto adieraziko genuke.

Rosario, Argentina. Bost emanaldi eskainiko ditu aurten Argentinan Pedro Pascual Barturen abadeak, 2013an egin zuen lehenengo birari jarraipena emateko. Errezitaletan, Euskal Herriko pieza erromantikoak hartuko ditu ardatz musikariak, baina klasikoak ere joko ditu, beti ere hodi organoetan.

Emanaldi bira Pergaminon hasiko du maiatzaren 30an, bertako Nuestra Señora de la Merced elizan (Merced 995), Lagun Onak euskal etxeko kideak partaide. Hitzordua gaueko 8:30etan izango. Hurrengo emanaldia biharamunean izango du, esan nahi baita maiatzaren 31an, Rosarioko Maria Auxiliadora Parrokian (Pres. Julio Argentino Roca 198), gaueko 9:00etan.

Programarekin jarraitu eta Argentinako hiriak ezagutzen segitzeko, musikari bizkaitarraren aurtengo hirugarren kontzertua Posadasko Katedralean (San Martín 1850) izango da. Hitzordua ekainaren 4an da, eta jarduera Misionesko Euskal Jatorri euskal etxearekin batera antolatuko da.

Ekainaren 7an, beste kontzertu bat eskainiko du, Rosarion, oraingo honetan Santa Rosa de Lima Parrokian (Mendoza 1381), iluntzeko 7:45etan. Eta aurtengo bidaiarekin amaitzeko, azken aurkezpena Entre Rios probintziako Gualeguaychu hirian izango da, ekainaren 14an, iluntzeko 7:30etan, San Jose de Gualeguaychu Katedralean (San José 7).

Kontzertuak elizetan izango dira eta parte hartzeko sarrera libre eta doakoa. Biraren bultzatzaile nagusia den Rosarioko Luis Maria Barrandeguyk EuskalKultura.com-i azaldu dion legez, “hauxe orain arte daukagun programa osoa da; hala ere oraindik badaude baieztatu behar ditugun beste proposamen batzuk; baieztatzekotan, jakinaraziko ditugu”. Informazioa jaso ahala EuskalKultura.com-eko Agendan sartuko dugu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia