euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paranako Urrundik Euskal Elkarteak umeei zuzendutako aktibitate batekin ere ospatu zuen bere 16. urteurrena

2016/06/09

Paranako Urrundik-eko txikiak Euskal Etxearen 16. urtebetetzea ospatzen
Paranako Urrundik-eko txikiak Euskal Etxearen 16. urtebetetzea ospatzen

PUBLIZITATEA

Urteroko ohiturari jarraituz, ‘Presencia Vasca’ irratsaioaren urtemugarekin batera ospatu zuen Urrundik Euskal Elkarteak bere urtebetetzea. Urteurren bazkariaz aparte, eta “umeei merezi duten lekua emateko”, beste festa bat egin zuten Urrundik-ekoek honako hau txikiei begira. Euren hurrengo emanaldien berri ere jakinarazi digute paranatarrek: uztailaren 9an Zazpirak Bat-en San Ferminetan dantzatuko dute eta irailaren 18an euren Dantza Emanaldia egingo dute Paranako 3 de Febrero Antzokian.

Parana, Argentina. 16 eta 26 urte ospatu berri dituzte, hurrenez hurren, Paranako Urrundik Elkarteak eta ‘Presencia Vasca’ irratsaioak. Urtemuga ospatzeko bazkari bat antolatu zuten paranatarrek hiriko Hotel Circulo-ko areto nagusian, maiatzaren 15ean. Urtero gertatzen den legez, lagun ugari bildu ziren hiriko euskal kolektibitatearekin topa egiteko, besteak beste, Gizataldeen Elkarteko kideak eta presidentea, San Benito herriko Kolektibitateen Jaialdiaren batzordeko ordezkariak eta Parana bertako hainbat artista.

Dudarik gabe, ordea, anfitrioiak gehien hunkitu zituen presentzia etxeko lagunmina den Mikel Ezkerrorena izan zen. Elkarteko presidente Juan Carlos Borrasek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso garrantzitsua da guretzat Mikelen adiskidetasuna. Urtero, urteurren jaian, guztiok bere hitzen zain gaude eta urtero bihotza ukitzen digu bere ezagutza eta sentimenduekin”.

Bazkalostean dantza eta musika ikuskizunen txanda izan zen. Euskal dantzak Etxeko dantzarien esku egon ziren; dantza argentinarrak, berriz, Yanina Figueroak eta Diego Abrard-ek osatutako bikoteak taularatu zituen. Kantuetan euskara ere entzun zen: Erakundeko kide den Mirna Dondak Euskal Herriko sehaska kanta abestu zion publikoari bazkarian.

Txikientzako jaia

Bazkari tradizionalaz gain, beste ospakizun bat egitea erabaki zuten aurten Urrundik-eko arduradunek, bereziki umeei begira. Borrasek berak azaldu digunez, “egin ohi dugun bazkaria helduentzako hitzordua da eta txikiek ere ospatu behar zuten euskal etxearen urtebetetzea. Beraz, jai berezi bat egin genuen eurentzako, animatzaile eta guzti”.

Festa joan den ostiralean, ekainaren 3an, izan zen eta mota askotako aktibitateak egin zituzten umeek. Askaria ere eskaini zitzaien, eurei eta beraiekin batera joan ziren familiarrei. Joan aurretik opari bana eman zitzaien umeei. “Arratsalde ederra izan zen eta bukaeran kalejira bat egin genuen denok elkarrekin. Umeen alaitasuna kutsatu egiten da eta hori oso polita da”, adierazi digu Urrundik-eko lehendakariak.

Dantza tailerra

Hiriko euskal kulturaren erreferente bihurtuta, euren maila ahalik eta gehien hobetzea da Urrundik dantza taldeko dantzarien asmoa. Helburu horrekin, eta batez ere dantza-teknikak lantzeko, tailer bat antolatu zuten Paranako izen handiko dantzari klasikoa den Luz Bergamaschi-rekin. “Gure ustez, euskal koreografiak ezagutzea ez da nahikoa ondo dantzatzeko. Beharrezkoa da beste hainbat teknika menperatzea, gero euskal dantzetan aplikatzeko. Hori izan zen tailerraren helburua eta ondo baino hobeto bete genuen”, jakinarazi digu Borrasek. “Esker beroak luzatu nahi dizkiogu Luz Bergamaschi-ri bere laguntzagatik”.

Egitaraua bete-betea

Datozen hilabateei begira, emanaldi esanguratsuak dituzte dantzari paranatarrek, Paranan bertan eta beste hainbat hiritan. Uztailaren 9an, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak antolatu duen San Fermin Jaian hartuko dute parte. Abuztuan, berriz, Santa Fe hiriko Kolektibitateen Jaian arituko dira eta irailaren 18an euren urteroko Dantzaldia egingo dute 3 de Febrero Paranako Antzokian. Azaroan, dan tzariak Euskal Astera joango dira, urtero bezala, eta azaroan ere San Benito herriko Kolektibitateen Jaialdian dantzatuko dute. “Hauek orain arte baieztatuta dauzkagun e manaldiak dira; baina beti agertzen da besteren bat… egiari zor, leku askotatik gonbidatzen dituzte gure dantzariak, eta ahal dugun neurrian saiatzen gara beti baietz esaten”, aitortu digu, harro, Borrasek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia