euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oskorri (azken agurra ematen), Anari eta Korrontzi Bartzelonan, EH Sona 2015 euskal musika jaialdian

2015/09/29

Eh Sona! 2015 musika jaialdiaren kartela
Eh Sona! 2015 musika jaialdiaren kartela

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak aditzera eman duenez, salgai daude dagoeneko Euskal Herria Sona! 2015 euskal musika jaialdiko kontzertuetako sarrerak. Jaialdiaren 18. edizio hau urriaren 30ean hasiko da eta azaroaren 28an amaituko. Aurtengo kartelak Oskorri (azken agurreko biran, taldea desegin aurretik), Anari, Jabier Muguruza eta Korrontzi taldea biltzen ditu, besteak beste.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako euskal musika jaialdiak, Euskal Herria Sona!-k adin nagusitasuna eskuratu du eta aurten 18. urteurrena ospatuko du. 18 urte euskal musikaren erakuslehio gisa Kataluniako hiriburuan, Euskal Herriko musika talde, kantari eta estilo aukera ahalik eta zabalena ekarriz hirira. Aurten jaialdia urriaren 30ean hasi eta azaroaren 27an amaituko da. 

Jaialdiari hasiera emateko, agur esatera datorren talde bat ariko da Bartzelonan. Oskorri folk talde mitikoak bere ibilbide luze eta oparoa aurten amaitzea erabaki du eta agur esateko bira egiten ari da (azken-azken kontzertua Bilboko Arriagan eskainiko du, azaroaren 2an). 'Hau da despedidia!' horren barruan, hitzordua dute Bartzelonan urriaren 30ean, C.A.T. kultur gunean emango duten kontzertu batekin. Emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarreren prezioa 25 eurokoa da.

Biharamunean, urriaren 31n, Trikipoteo bat egingo da Euskal Etxearen inguruko kaleetan, 21:00etatik aurrera.

Azaroaren 6ean Libe kantari gasteiztarrak doako kontzertua emango du Passeig del Born pasealekuan, 20:00etan. Eta hurrengo egunean, azaroaren 7an, Euskal Etxeak EH Sonaren 18 urteak ospatzeko kontzertu berezia antolatu du Salamandra aretoan 20:00etan. Bertan joko duten taldeen izenak ez ditu antolakuntzak aditzera eman oraindik.

Azaroaren 13an Joseba B. Lenoir Gang taldeak joko du Euskal Etxean, 20:00etan (sarrerak 6 eurotan). Hurrengo egunean, doako kontzertua, Munlet (Txo!) taldearekin. Eta egun horretan bertan beste euskal kontzertu bat, Governors + Larregi, Razzmatazz 3. aretoan. Sarrerak 6 euro.

Azaroaren 20an, asteburua Jabier Muguruzaren kontzertu batekin hasiko da, Euskal Etxean 20:00etan (sarrerak 10 euro). Biharamunean, azaroaren 21ean, Korrontzi folk taldeak joko du (sarrerak 8 euro).

Azaroaren 27an Patrol Destroyers taldearen txanda izango da. Taldeak Euskal Etxean joko du, 20:00etan (sarrerak 3 euro). Eta jaialdiari amaiera emanez, azaroaren 28an Anari kantariak kontzertua emango du Apolo aretoan, 21:00etan (sarrerak 8 euro). 

Informazio gehiago eta sarrerak aldez aurretik erosteko loturak, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia