euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oroitzapenak, emozio ugari eta berrehun lagunetik gora Chivilcoyko Beti Aurrera EEaren 40. urteurreneko afarian

2023/07/28

Berrehun lagun baino gehiago bildu ziren Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal etxeak antolatutako 40. urtemuga ospatzeko afarian
Berrehun lagun baino gehiago bildu ziren Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal etxeak antolatutako 40. urtemuga ospatzeko afarian

PUBLIZITATEA

Chivilcoy, Argentina. Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia iparraldean, bere lehenengo 40 urteak betetzearen poza partekatu du uztaileko bigarren astean, bere bazkide eta lagunak, bertako herritarrak eta gainerako euskal etxeetatik etorritako ordezkariak partaide erakarri zituen urtebetetze afari eta festan. Uztailaren 4an egindako ospakizunak zuzeneko musika izan zuen, edari eta janari ona, dantzatzeko aukera ederra, zozketak eta, batez ere, emozio handia eta giro bikaina, gau gogoangarri batean.

Hitzorduak berrehun lagun baino gehiago bildu zituen, erreki klasikoa zerbitzatu zuen festan, eta bertaratutakoek Chivilcoyko euskal elkartearen etorkizunaren alde kopak gogoz eta emozioz altxatu zituzten. EEko Amalur gastronomia klubeko kide Elena Mediceren biloba den Sara Iraizoz dantzari gazteak ohorezko aurreskua dantzatu zuen. Eta, behingoz, sukaldarien taldeak "sarrera eta opila besterik" ez zuen hartu bere gain, eta, bertaratutako guztiekin batera, herriko orkestra tropikalaren dantzaz eta musikaz gozatu ahal izan zuen.

 
Aurreskua, Beti Aurrera-ko Sara Iraizoz dantzari gaztearen eskutik. Aupa Sara!


Euskal Etxeko lehendakari Nidia Ibañez eta lehendakariorde Ivan Invernoz ongietorria ematen

 
Kopak goian topa egiten Nelba Calonge, Elena Medice de Iraizoz, Jose Maria Letamendi, Adriana Irrazabal, Maria Jose Gallo, Graciela Cofre, Luis Goicoechea, Alicia eta Felipe Libano.

Afari bat zozketatu ondoren, 'Zorionak zuri' abesteko eta datozen 40 urteak ere emankorrak izan daitezen topa egiteko unea iritsi zen. Jose Maria Letamendik bete zuen esatari lana eta gaua bikain pasatu zen, pasadizo, oroitzapen eta lagunarteko giro ederrean, gonbidatuen artean Buenos Aires probintziako hiriburu La Platatik etorritako Euzko Etxeko lehendakariorde Fernanda Astigarraga ere bazegoela.

Euskal Etxeko areto nagusia jendez mukurru betea ikustea izan zen lau hamarkadatako etengabeko lanaren ordaina. Euskal Etxeak gogor segitzen du lanean eta horren erakusgarri, luzatu dituen azken proposamen eta deialdiak, bakarrik azken asteetan San Juan su eta ekitaldi arrakastatsua egina baitu, familiak bilduz eta belaunaldi gazteenek eskainitako dantza erakustaldia eskainiz, panpin erraldoien erretzea barne. Ekaineko azken asteburuan, baita ere, Mus Txapelketa antolatu zuen, Ricardo Santini eta Kiko Rodríguez chacabucotar bikotea txapeldun, Saladillo, Chascomus, Chacabuco, Pergamino eta Juningo Euskal Etxeetako bikoteak Chivilcoykoekin partaide.

'Gernikako Arbola' literatur lehiaketa

Musika koralak ere bere hitzordua izan zuen Beti Aurreran, tokiko bost abesbatzek parte hartutako “Encuentro Coral Chivilcoy 2023” topaketan. Hori, batere ahaztu gabe Euskal Etxea SADE idazle argentinarren elkartearekin batera antolatzaile duen "El Árbol de Guernica" literatur lehiaketaren 12. edizioa, Originalak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du irailera arte, eta, beraz, Beti Aurrerak EuskalKultura.eus-eko irakurleak ere parte hartzera animatzen ditu, baita lehiaketaren berri zabaltzeko ere. Oinarri eta xehetasunak EuskalKultura.eus-ek argitaratutako artikuluan irakur daitezke.

Aurrera, Beti Aurrera, eta Urte Askoan!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia