euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euzko Etxeak festa bikoitza ospatuko du bihar: 4. Gayaldi eta Maritxu Kajoi

2016/10/07

Iazko Gayaldi-Aniztasunaren Jaialdian parte hartu zuten lagunetako batzuk (argazkia New York EE)
Iazko Gayaldi-Aniztasunaren Jaialdian parte hartu zuten lagunetako batzuk (argazkia New York EE)

PUBLIZITATEA

Larunbat honetan, urriaren 8an, jarduerak pilatu egingo dira Euzko Etxean: batetik, Gayaldi jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko dute, 'aniztasuna arlo guztietan' aldarrikatuz; bestetik, aurten Arrasateko Maritxu Kajoi jaia ekarriko dute Sagar Handira. Jai nahiko berria da Maritxu Kajoi, 1977an hasi baitzen ospatzen eta, partehartzaileak dotore eta serio janzten badira ere, izpiritu oso alai eta lotsagabe xamarra du.

New York, AEB. New Yorkeko Euzko Etxeak asteburu alaia izango du, bihar bertan bi jai ospatuko baititu aldi berean: Gayaldi eta Maritxu Kajoi. Gayaldi festak laugarren edizioa izango du aurten, eta aniztasuna aldarrikatzea du helburu. Antolatzaileen esanetan “ez da gay eta lesbianen aldarrikapena soilik, emakumeen eskubideak, arraza desberdinenenak… Edonon jaiota ere, euskal herritar izan zaitezkela aldarrikatu nahi dugu. Gurasoak edonon jaiotakoak izanda, azalaren kolorea edozein izanda... Helburua bilkorrak izatea da, inor baztertu gabe”.

Festa honekin batera, Euzko Etxeak Maritxu Kajoi ere ospatuko du aurten. Festa hau 1977an hasi zen ospatzen Arrasaten (Gipuzkoa) eta txikiteroen festa ere esaten diote. Izena Arrasateko San Joan Bataiatzailearen parrokiaren atzealdean dagoen Ama Birjinaren iruditik dator. Irudia egurrezko kutxa baten barruan dago, eta hortik dator "Maritxu Kajoi". Festaren ezaugarrietako bat da partehartzaileak dotore jantzi behar direla, nahiz eta gero festa ez den batere serioa edo formala. 

Izpiritu horri jarraiki Euzko Etxeko antolatzaileek dotore jantzita eta ondo pasatzeko gogoarekin agertzeko gonbitea luzatu diete bertaratzeko asmoa dutenei. 

Informazio gehiago, Euzko Etxearen webgunean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia