euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOko Mikaela Goikoetxea eta Madalen Bieter irakasleak partaide San Nicolasen Euskara Munduan Udako Barnetegian

2025/12/31

Euskara Munduango Barnetegiko ikasleak joan den uztailean Necochean. Urtarrilean bilduko dira berriz, San Nicolasko Euzkal Etxean
Euskara Munduango Barnetegiko ikasleak joan den uztailean Necochean. Urtarrilean bilduko dira berriz, San Nicolasko Euzkal Etxean

PUBLIZITATEA

San Nicolás, Argentina. San Nicolaseko Euzkal Etxea buru-belarri ari da prestatzen 2026ko urtarrilaren 17tik 24ra bertan egingo den Euskara Munduan programako Udako Barnetegia. FEVA eta Etxepare Euskal Institutua antolatzaile, deialdi honetan 15 ikasle-irakaslegai bilduko dira, 2024an abiatu zuten trebakuntza-bideari jarraipena ema. Taldeak B1 mailako edukiak landuko ditu astebeteko egonaldian, Necocheako Ignacio Alustiza eta Viedmako Rocio Basterra irakasle argentinarren eskutik. Formazio plan hau 2027 urte amaiera arte helduko da.

Mikaela Goikoetxea eta Madalen Bieter iritsiko dira AEBtik barnetegian parte hartu eta bertako eskarmentutik ikasteko, Diaspora mailan erreferentzia baita Argentina euskara irakaskuntzan

Alabaina, argentinarrak ez dira gelako gidari bakarrak izango. Aurtengo edizioak berrikuntza nabarmena dakar: Ipar Amerikako NABO federazioko euskara koordinatzaileak, Mikaela DePoyster-Goikoetxea (Wyoming) eta Madalen Bieter (Boise), San Nicolasen izango dira irakasle lanetan. Ameriketako Estatu Batuetako irakasleek Argentina bisitatuko dute lehen aldiz, Euskara Munduan egitasmoaren bertako martxa hurbiletik ezagutzeko. Argentinan garatzen den euskalduntze eta irakasle-prestatze eredua aztertuko dute, ondoren AEBko euskal komunitateetan egokitu eta abiatu ahal izateko.

Trebakuntza pedagogikoa 24 eta 25ean

Euskara ikastaroa bukatu ostean, urtarrilaren 24an eta 25ean, gaitik sobera aldendu gabe, trebakuntza pedagogikoari helduko diote. Kasu honetan Jose Francisco “Kinku” Zinkunegi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programaren arduraduna izango da gidari. Zinkunegik eskoletarako oinarrizko baliabideak hartuko ditu hizpide, tartean trebetasunen garapena, tresna didaktikoen erabilera eta hasierako mailetako taldeak kudeatzeko irizpideak. Antolaketa eta koordinazio lan orokorra FEVAko Gabriela Mendia, eta Etxepare Euskal Institutuko Zinkunegiren esku egongo da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia