euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mus Txapelketa eta herri bazkaria Macachinen, Euskal Etxearen eta Hotelaren urteurrenak ospatzeko

2016/02/24

Euzko Alkartasuna Euskal Etxearen egoitza den Hotela, lehen eta orain
Euzko Alkartasuna Euskal Etxearen egoitza den Hotela, lehen eta orain

PUBLIZITATEA

57 urte beteko ditu otsailaren 28an Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak. Erakundearen egoitza den izen bereko hotelak, berriz, 50 egin ditu urtarrilean. Bi urteurrenak ospatzeko hiru eguneko programa antolatu dute macachindarrek datorren astebururako: ostiral eta larunbatean, Mus Txapelketa; igandean, lagun arteko bazkari erraldoia. Bi ekintzetan parte hartzeko txartelak daude salgai.

Macachin, Argentina. 57 urte eta La Pampa probintziako Euzko Alkartasuna Euskal Etxea bizi bizirik dago. Horretaz ez zen inongo zalantzarik geratu iaz, Macachinen bertan egindako Euskal Aste Nazionala azken urteetako onenetako bat bilakatu zenean. Erronka handia izan zen eta elkarteak ondo baino hobeto gainditu zuen. Orain beste erronka bat dute aurrean euskal etxeko kideek: euskal giroa eta euskal ekintzen martxa urtean zehar mantentzea. Eta bistan da horri ere gogoz ari zaizkiola pampatarrak.

Datorren igandean 57 urte beteko ditu Euskal Etxeak eta bere egoitza den Euzko Alkartasuna Hotelak 50 bete zituen urtarrilaren 23an. Bi urteurrenak ospatzeko, Mus Txapelketa antolatu du Euskal Etxeak ostiralean hasita eta igande eguerdiraino. “Campeonato de Mus del Cincuentenario” txapelketan parte hartzeko txartelek 400 peso balio dituzte, inskripzioa eta bi egunetako otorduak barne. Gonbitea Argentina osoko muslariei egiten zaie.

Igande eguerdian, lagun arteko bazkaria egingo da Euskal Etxeko instalazioetan eta herri osoa gonbidatuta. Eguerdian eta arratsaldean zehar sari banaketa, euskal dantzak eta omenaldiak egingo dira. Txartelak 150 balio ditu.

Erreserbak

Bai Mus Txapelketarako bai bazkarirako txartelak salgai daude eta Euskal Etxean bertan eskura daitezke. Erreserbak egiteko edota informazio gehiago jasotzeko, hauexek dira kontaktuak: 02954-15671934 telefonoa eta centrovascoea@gmail.com helbide elektronikoa.  Euzko Alkartasuna Hotelean geratu nahi duten muslariek, telefonoz (02953-452145 / 02954-15364576) edo emailez (info@euzkoalkartasuna.com.ar) helbidearekin kontaktatuz egin dezakete erreserba.

Hoteleko udako ekintzak

Aktibitate ugariko uda izan da hau Euzko Alkartasuna Hotelarentzat; ekintzen programa ederra eskaini dio komunitateari eta erantzun paregabea jaso du baita ere herriarengandik. Egoitzako igerilekuan aquagym, igeriketa eta matro-igeriketa eskolak eman dira. Umeei begira, Udalekua antolatu zen hotelean. Kirol ekintzez landa, puri purian egon da Euzko Alkartasuna-ko kafetegia ere eta jende ugari bildu du gauero. Zuzeneko musika ere eskaini da hoteleko terrazan, tartean, Macachingo Tres CV musika taldearen errezitala.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia