euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikora bidaia egin ostean, gaur Habanan hasiko den azokan ere parte hartuko dute euskal enpresek

2016/10/31

Habanako FIHAV azokako Euskal Pabilioia (argazkia Gipuzkoako Foru Aldundia)
Habanako FIHAV azokako Euskal Pabilioia (argazkia Gipuzkoako Foru Aldundia)

PUBLIZITATEA

Gaur inauguratuko da Kuban Habanako XXXIV. Nazioarteko Azoka-FIHAV, eta bertan da euskal enpresen ordezkaritza bat, Karibeko uhartean negozio aukerak lantzeko prest. Ostirala arte luzatuko da azoka eta hainbat ekitaldi eta bileren artean, euskal ordezkariek Kubako Euskal Etxearekin hitzordua izango dute. Iragan astean, aldiz, Mexikon izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatua, bertan lanean ari diren euskal enpresekin biltzeko.  

Habana, Kuba. Gaur bertan hasiko da Habanako Nazioarteko XXXIV. Azoka eta presentzia nabarmena izango dute bertan euskal enpresek. Karibear uhartean da degoeneko Euskal Herriko ordezkaritza zabal bat, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Merkataritza Ganbarak buru. Bidaiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta foru aldundien babesa du.

Euskal enpresek euren txokoa izango dute, Euskal Pabilioia izenekoa. Bertan izango dira ordezkaritza osatzen duten 32 enpresak, gipuzkoarrak gehienak, uharteko konpainia eta erakundeekin bilerak mantentzeko. Bidaiaren helburua Kubak eskaini ditzakeen negozioa aukerak aztertzea da, besteak beste energia eta hoteletako ekipamenduaren arloetan.

Horrez gain, euskal erakunde eta enpresetako ordezkariek Kubako Euskal Etxearekin eta bertako euskal komunitatearekin biltzeko aukera ere izango dute.

Mexikoko euskal enpresekin

Iragan astean Mexikon hasi zuen bira amerikar hau Gipuzkoako ordezkaritza batek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatu Ainhoa Aizpuru buru. Ordezkaritza Mexikon lanean ari diren 20 euskal enpresekin bildu zen, beraien esperientzia, behar eta kezken berri jakiteko.

Bileran parte hartu zuten ere Ekonomia Sustapenerako zuzendari Antton Tomasenak, Gipuzkoako Merkataritza Ganbarako zuzendari Endika Sánchezek eta ganbarako Industria Garapen eta Nazioartekotzeko zuzendari Amaia Ferrok. Bileran izan ziren ere SPRIko zuzendaria, Alex Arriola, eta Euskadireko Mexikoko Ordezkaritzako enpresa arloko arduraduna, Irakusne Incierte, besteak beste.

Topaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzen Laguntzeko Planaren baitan kokatzen da, atzerrian lanean ari diren Gipuzkoako enpresei sostengua emateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek aditzera eman dutenez, Mexiko da atzerrian Gipuzkoako enpresa gehien hartu dituen herrialdea. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia