euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako Denak Batek kultur ekitaldiz eta afari hunkigarri batez itxi du bere 70. urteurrena ospatzeko programa

2026/11/09

Haritzak landatzen Euskal Belardian, Euskal Etxeko Gure Kanta abesbatza; 70. urteurreneko ospakizunean parte hartu zuten dantzari txikiak eta mus-partidetan elkartu ziren belaunaldi ezberdinak
Haritzak landatzen Euskal Belardian, Euskal Etxeko Gure Kanta abesbatza; 70. urteurreneko ospakizunean parte hartu zuten dantzari txikiak eta mus-partidetan elkartu ziren belaunaldi ezberdinak

PUBLIZITATEA

Mendoza, Argentina. Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak bere 70. urteurreneko ospakizunei eman die amaiera, joan den asteburuan sustatzaileen lana gogora ekarri eta belaunaldien arteko loturak estutzeko antolatutako egitarau zabalarekin. Azaroaren 5ean, ostegun arratsaldean, abiatu ziren azken txanpa honetako ospakizunak Independentzia plazako 'Euskal Belardia'n. 'Gure Kanta euskal etxeko abesbatzak girotutako ekitaldian auzotarrak eta bazkideak bildu ziren bertan lau haritz landatzeko.

Jardunaldiek biharamunean jarraitu zuten Barcala kaleko egoitzan. Bertan, Javi Elortegiren zuzendaritzapean Mendozako probintzian, bertako euskal gizataldea lagun filmatutako El Vasco komedia eman zuten. Egun berean, Mendozako Denak Bat Euskal Etxearen fundatzaile eta muslari porrokatu izan ziren Agustin Salvarredi, Martin Greño, Arturo Fabre eta Vicente Lecea lau lagunen omenez antolatutako “Ordago a los grandes!” (Ordago handiei) mus txapelketari ekin zioten, hamabi bikote partaide, bertakoek ongi ezagutzen duten eta urte osoan lagun duten giro muslari apartapean.

 
Mendigoizaleak berriz dantzari, Haritz festa alaitzen, Adrián Astorga pilotaria Denak Bateko Javi Salvarredi lehendakariarekin, eta giroa

Azkenik, larunbatean, azaroaren 7an, ospakizun ofizialari amaiera emateko afaria egin zen Euskal Etxean. Bazkide, lagun, senide eta berrogei bat txiki bildu ziren euskal egoitzara, berrehun eta berrogeita hamar bat lagunetik gora guztira. Txistorra, tortilla, bildotsa txilindron erara eta euskal pastela izozkiarekin dastatu ondoren, gaueko une hunkigarrienetako bat iritsi zen. Egun deseginda dagoen Mendigoizaleak dantzari helduen taldeko kide ohiak San Nicolasetik etorritako Haritz musika taldearen doinuetara batu ziren, fandangoak eta jauziak dantzatuz, garai zaharretan bezala.

Afarian zehar, elkartearen historian arrasto sakona utzi duten pertsonak omendu zituzten, baita Adrián Astorga esku pilotari mendozatarra ere, 2026 Joko Hegoamerikarretan brontzezko domina lortu berritan. FEVAren ordezkari, Arantxa Anitua lehendakariordeak plaka oroigarria eman zion Euskal Etxeari. Euskal Herriko hainbat kulturgile eta kirolarik sare sozialen bidez helarazitako bideo bidezko agurrak jaso zituzten, besteak beste Jabi Elortegi, Itziar Ituño, Mikel Oyarzabal, Iñaki Perurena, Oihana Azkorbebeitia, Alex Sardui Agirre eta Gotzon Baticon-enak.

Zorionak Mendozako Denak Bat!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia