euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutua: "Jakinmin handia piztu du euskal irakurle programak"

2011/07/19

Ezkerretik eskubira, Nere Lete, Kate Camino, Mari Jose Olaziregi eta Xabi Paya ikastaroaren mahainguru batean (argazkia Etxepare)
Ezkerretik eskubira, Nere Lete, Kate Camino, Mari Jose Olaziregi eta Xabi Paya ikastaroaren mahainguru batean (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak 'Excellence in Basque Studies' izeneko ikastaroa egin zuen iragan ostegun eta ostiralean EHUren Udako Ikastaroetan. Mintegiak 120 bat lagun bildu zituen Donostiako Miramar Jauregira, Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuaren Euskararen Hedapenerako zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez: saioak hasi eta jendeak matrikulatzen jarraitzen omen zuen. Bi egunen buruan, bertara bildutakoek argi zuten, euskaraz gain, irakurleek euskal kultura eguneratua irakatsi behar dutela: "Gaur egun puri-purian dauden gaiak jorratu behar dituzte ikastaroetan", dio Olaziregik. Datorren urtean edizio berria egingo da.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Institutuak iragan astean Miramar Jauregian eskaini zuen udako ikastoraren helburua erakundeak munduko 30 bat unibertsitatetan sustatzen duen irakurle programarako irakasleak trebatzea zen; "ikastaroaren alderdi praktikoa ezagutaraztea", Mari Jose Olaziregiren hitzetan.

Ikastaroak harrera bikaina izan zuen eta 120 bat lagunek hartu zuten parte. "Susmoa genuen erantzun ona izango zuela ikastaroak, aurreko asteetan askok deitu baitzuten informazio eske. Irakurle postuetarako egin ditugun deialdietara ere lagun asko aukeztu dira", azaldu du Etxepareko Euskara zuzendari eta ikastaroaren koordinatzaile denak.

Irakasleei hitza

Ikastaroaren emaitzarekin pozik agertu da Olaziregi, eta urtero egingo dutela iragarri du. Aurtengo edizioari dagokionez, Olaziregik azpimarratu du ikastaroak hitza eman diela aspalditik nazioartean euskal kultura zabaltzen ari diren adituei eta irakurlegoetako irakasleei. "Mahainguruetako bat, adibidez, anglosaxoi munduko irakasleekin egin genuen: AEBetako Nere Lete eta Kate Camino, eta Birmingham-eko Xabi Paya. Bestean iberiar penintsulako irakasleak jardun zuten", zehaztu du.

Etxeparek irakurletza hauek sustatzen dihardu munduko unibertsitateetan eta, urtean zehar programaren 'diagnostiko' orokorra egin eta beharrak detektatu ostean, orain behar horiei erantzuna ematen ari da. "Irakurlegoen arteko herramanak landu nahi ditugu, irakurleei baliabide gehiago eskaini...", esan du Olaziregik. "Gaur egun puri-pruian dauden gaiak jorratu behar dituzte irakurleek eta etengabe eguneratu behar dute ikastaroa". Behar horiei erantzuteko Etxeparek aurki abiatuko du irakurlegoei zuzenduriko atal berezia bere webgunean.

Atxaga katedra eta bi liburu bilduma

Irakurle programa sustatze aldera, Etxeparek irakurlegoak jarri ditu abian Estatu Batuetan, horien artean, aipagarriena, agian, City University of New York-en irailean inauguratuko den Bernardo Atxaga katedra. Irailaren 11tik 18ra aurkezpen aste "intentsiboa" egingo da Sagar Handian: errezitaldi poetikoak, mahainguruak, mintegiak... eta noski, Atxaga bera.

Horrez gain, Institutua euskal kulturari buruzko bi liburu bilduma ari da prestatzen: bata dibulgazio saila izango da, eta 12 liburutan gai desberdin asko jorratuko ditu: musika, popa, rocka, tradizioa, ikusentzunezkoak, literatura, euskara... Bestea, euskal sortzaileei buruzkoa izango da, eta euskal idazleen testu originalak jasoko ditu. Bi bildumak hiru hizkuntzatan argitaratuko ditu Etxeparek eta nazioartean banatuko ditu: irakurlegoetan, liburutegietan eta Cervantes eta Llull bezalako erakundeetan, besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia