euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liberoamerika plataformak deia luzatu die euren euskal literatur lanak argitaratu nahi dituzten munduko egile gazteei

2021/01/14

Euskal Herriko, Diasporako eta oro har euskaraz idazten duten 30 urte azpiko idazle gazteak har dezakete parte Liberoamerikaren deialdian
Euskal Herriko, Diasporako eta oro har euskaraz idazten duten 30 urte azpiko idazle gazteak har dezakete parte Liberoamerikaren deialdian

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Kultura eta hizkuntza desberdinak batu nahi ditu Liberoamerika egitasmoak (Argentinan eta Euskal Herrian dago martxan proiektua), feminismoari, esperimentazioari eta aniztasunari leku berezia eginez, eta gazte sortzaileen lanak argitaratu eta zabaltzeko asmoz. "Izotzetan islatuak" antologia kaleratu zuten 2020an eta 2021 urte hasi berrian idazle gazteen literatur lanak argitaratzeko deialdi bat besapean datozkigu Euskal Herrian proiektuaren atzean dauden Leire Alonso Allué, Iosune de Goñi eta Ane Garcia sustatzaileak.

Duela bi urte sortu zenetik bide bat egin du bere berri hemen ematen duen proiektuak bere euskal kudeatzaileen eskutik, eta Twitterren eta Instagramen ere badaude. Orain, hasi berria dute euskaraz idazten duten nonahiko idazle berriei euren literatur lanak argitaratzea proposatzen dien deialdia. Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. Deialdi honetara euskaraz idatzitako literatur lanak aurkez daitezke, originalak eta aurretik argitaratu gabeak

2. Egile moduan 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, edozein delarik haien nazionalitatea, jatorria edo bizilekua.

3. Lanek gutxienez 40 eta gehienez 80 orrialde izango dute, eta Times New Roman 12 letra motan tarte bikoitzean idatzita egongo dira.

4. Idazleak askatasuna du nahi duen literatur genero, gai eta estiloa aukeratzeko. Baina deialdiaren xedea literatura berritzailea argitaratzea da. Literatura tradizionalarekin apurtzen duten lanek lehentasuna izango dute: poema bildumek, narrazio laburrek, prosa poetikoak, egunerokoek, intertestuek, lan hibridoek, literatura esperimentalak…

5. Lanak emailez bidali beharko dira, liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera. Lanarekin batera, egileak biografia labur bat bidaliko du, bereizitako dokumentu batean.

6. Asmoa bakarkako lanak argitaratzea den arren, elkarlanean idatzitako lanak ez dira baztertuko.

7. Aukeratutako lanak Liberoamerika argitaletxean argitaratuko dira eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko zaizkio idazleari. 

-Deialdia hemen topa dezakezu
-Liberoamerika Twitterren: https://twitter.com/liberoamerika
-Liberoamerika Instagramen: https://www.instagram.com/liberoamerika.euskara
-Liberoamérica proiektua nazioartean: https://liberoamerica.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia