euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak Gernikako Haritzaren kimu bat landatu du bere egoitza aurrean, Bizkaiko Batzarren ziurtagiriduna

2021/09/22

Gernikako Arbolaren kimu berria La Platan
Gernikako Arbolaren kimu berria La Platan

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Euskal Diasporaren Eguneko programa barruan Gernikako Arbolaren kimu berri bat landatu zuen La Platako Euzko Etxeak bere egoitza aurrean, hiriko 58. eta 14. kaleen izkinan. Elkarteko alkate Elena Bilbaok eta Javier Clua lehendakariak eman zioten ongietorria ekitaldira bildutako publikoari eta Gernikako Arbolari buruzko aurkezpen hitzak esan ondoren, haritzaren jatorria bermatzen duen plaka bat desestali zuten, Bizkaiko Batzar Nagusien mintegitik baitator zuzenean, 'Haritz Semea' delakoaren ondoko.

Ekitaldia biribiltzeko, bildutakoek Iparragirreren bertso famatuenak abestu zituzten eta etxeko dantzariek Aurreskua dantzatu zuten. Gogora dezagun Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko bazkaria ere egin zutela laplatatarrek eta Euskal Zinema Ibiltariarekin batera zine saioa ere antolatu zutela efemeride horren karietara.

Buenos Aires probintziako hiriburuko euskal haritzak

La Platako euskal gizataldeak bere hiriarekin duen harreman eta lotura sakona ezagutu nahi duenak Euzko Etxera jo dezake eta elkarte honek dituen instalazio handi eta aktiboak bisitatu; ala euskaldunek euren sinbolo preziatutzat duten Gernikako haritzak hirian duen presentzia egiaztatu. Izan ere, bost dira gutxienez euskal haritza baitaratzen duten hiriko espazio publikoak.

Jose Joaquin Saldiasek Euzko Etxeko Eguzkia aldizkariko “Gernikako haritzaren memoria La Plata" artikuluan dakartzagu gogora euren berri. Honela dakigu, La Platan dagoen euskal haritz zaharrenetako bat Pereyra Iraola Parkean dagoela. Alea tolosar jatorria zuen Iraola familiak ekarri zuen Argentinara eta bertan landatu XX. mendearen hasieran.

1956an beste ale bat landatu zen Moreno Plazan, Katedralaren aurrean, eta 1968an beste kimu batzuk landatu zituzten, Euskal Etxearen aurrean.

1982an, Euzkadi Plazan (13 eta 55 kaleen izkinan) jarri zuten laugarrena eta XXI. mendean berriz, 2007an, Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrena ospatzeko, beste bat landatu zuten, Bakearen Lortegia (Jardin de la Paz) izeneko Parkean. Buenos Airesko Juan de Garay Plazan dagoen haritzaren ezkur batetik hazita, Salvador Oriak eman zion Euskal Etxeari.

Gainerakoek ez bezala aurten landatu dutenak badu egiazkotasun-ziurtagiria eta horrek ofizialki bermatzen du Gernika hazten ari den euskal haritzaren ondorengo dela, Bizkaiko Batzar Nagusiak egiaztatzaile.

Irakur Saldiasek La Platako EEko Eguzkia aldizkarian argitaratutako artikulu osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia