Gaur bertan egingo da Buenos Airesn hiriko Lagun Onak abesbatzak antolatutako Koru Tailerraren itxiera kontzertua. Eskoletan parte hartu zuten 40tik gora abeslarik Vivaldiren errepertorio bat taularatuko dute, Laurak Bat-en instalazioetan, iluntzeko 8etan, sarrera doan. Martxoaren lehenengo astean, ahots berriak gehitzeko audizioak eta entseguak hasiko dira. Urteko lehenengo kontzertua, berriz, apirilean izango da, Konex Kultur Gunean.
Buenos Aires, Argentina. Zazpigarren ediziora iritsi da 2016 honetan Buenos Airesko Lagun Onak elkarteak urtero antolatzen duen Udako Koru tailerra. Ekintza irekia eta trinkoa da eta abeslariei zein musikariei dago zuzenduta.
Aurtengo edizioa otsailaren 15ean hasi zen eta 50 bat lagunek eman zuten izena. Hiru orduko sei klasetan zehar, Antonio Vivaldiren koru eta talde instrumentalentzako erlijio errepertorio bat prestatu zuten ikasleek, Pablo Banchi eta Miguel Pesce maisuak zuzendari. Tailerrari amaiera emateko, itxiera kontzertu bat eskainiko dute partaideek gaur, 20:00etan, hiriko Laurak Bat Euskal Etxean (Belgrano 1144), sarrera libre eta doan.
Ahots berriak gehitzeko deialdiak
Urtarrilaren 6an, 77 urte bete zituen euskal-argentinar koralak audizioak egingo ditu aurten ere ahots berriak lortzeko. Deialdia kantari mezzosoprano, kontralto, tenor, baritono eta baxuei dago zuzenduta; eskarmentua eta aldez aurreko ezagutzak, ahots osasuntsua eta afinazio ona izatea ezinbesteko baldintzak dira. Audizioak astelehenetan eta ostegunetan izango dira, 19:30etan. Beharrezkoa da aldez aurretiko hitzordua egitea migpeshe@yahoo.com helbidera idatziz.
Entseguak martxoaren lehenengo ostegunean hasiko dira, eta astelehen eta ostegunetan izango dira, iluntzeko 8etatik 10etara. 2016ko denboraldian, honako obra hauek prestatuko ditu Lagun Onak-ek: Mozart-en Requiem; Beethoven-en Meza Do Minorrean; Mahler-en 2. Sinfonia eta Brahms-en Requiem alemaniarra, besteak beste. Kontzertuak Buenos Airesko izen handiko zenbait aretotan eskainiko dira, tartean Kirchner Kultur Guneko Ballena Azul, Usina del Arte Kultur Gunean eta Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean, batzuk aipatzearren.
Euskal errepertorioa ere eskainiko du koralak, ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ (Buenos Aires celebra al País Vasco) eta Laurak bat-ek egingo dituen ospakizun batzuetan. 2016ko lehenengo kontzertua apirilaren 17an izango da, arratsaldeko 7etan, Konex Kultur Guneak antolatutako Musika Klasikoaren 2. Jaialdian. Lagun Onak-en 2015eko azken kontzertua, Kirchner Kultur Gunean izan zen. Ikuskizuna Youtube dago entzungai link honetan.