euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kontzertu bira egingo du datorren maiatzean Argentinan Pascual Barturen organo jotzaile bizkaitarrak

2015/03/16

Bi organo kontzertu eskaini zituen Pascual Barturen artista euskaldunak Rosarion, 2013ko ekainean (argazkiak EE)
Bi organo kontzertu eskaini zituen Pascual Barturen artista euskaldunak Rosarion, 2013ko ekainean (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Musikari bakiotarraren bisita maiatzaren 28an hasi eta ekainaren 15era arte luzatuko da, eta biraren egitaraua datozen egunotan osatuko dute antolatzaileek euskal etxeetatik jasotzen ari diren gonbiteak finkatzearekin batera. Norberaren herrian kontzertua antolatu ahal izateko, ezinbestekoa da hodi organo bat daukan kapera edo areto bat izatea. Hori bada zure elkartearen kasua, jarri harremanetan artikuluan adierazten dugun helbidearekin.

Rosario, Argentina. Duela bi urte izandako eskarmentu paregabeak animaturik –gogora dezagun bi kontzertu eskaini zituela organo jotzaile euskaldunak 2013ko ekainean Rosario hirian– aurten ere bueltatuko da Argentinara Pedro Pascual Barturen abadea, barrualdeko herriak bisitatu eta musikaren bidez euskal kultura zabaltzeko asmoz.

Rosarioko Luis Maria Barrandeguyk da jotzaile euskaldunaren kontaktua Argentinan eta honek EuskalKultura.com-i azaldu dio “Pascual Barturen apaizak joan den astean konfirmatu digu(la) etorriko dela eta bisita txiki horiek egin nahi dituela. Horrexegatik luzatzen diegu informazioa euskal etxeei, jakinda, gainera, interesa handia erakutsi dutela batzuk. Euskal klasikoak entzuteko aukera polita izango da, goi mailako organo jole baten eskutik; uste dugu merezi duela emanaldia antolatzea”.

Pedro Pascual Barturen maiatzaren 28tik ekainaren 15era izango da Argentinan eta biraren egitarau xehetasunak oraindik baieztatzeke egon arren antolatzaileek iragarri digute Rosario hirian gutxienez bi kontzertu emango dituela musikari bizkaitarrak. Errepertorioari dagokionez, Euskal Herriko pieza erromantikoak hartuko ditu ardatz, baina klasikoak ere joko ditu artistak.

Pascual Barturen-en kontzertua antolatu ahal izateko, beharrezkoa da hodi organo bat izatea. “Normalean, elizek dituzte organo handi horiek; hori dela eta gure aholkua da, emanaldiak herri edo hiriko elizetan antolatzea. Eta dataren kontua adosteko, gurekin jarri behar dira kontaktuan interesatuak, guk egitaraua osatu ahal izateko”, azaldu du Barrandeguyk. Luis Maria Barrendeguy-ren helbide elektronikoa luismariabarrandeguy@barrandeguy.com.ar da.

Bakiotik mundura

Pascual Barturen Bizkaiko Bakio herrian jaio zen 1936an. Hamabi urterekin hasi zen abesten Gabiriako Pasiotarren Komentuan eta hortik aurrera etengabeko ibilbide bati ekin zion musikan bai Euskal Herrian baita Euskal Herritik kanpo ere. Goi tituluen jabe Eliz Musikan eta aditua Euskara eta Filosofian, organo jotzaile gisa herrialde askotan aritu izan da kontzertu-emaile, tartean, Euskal Herriaz aparte, Espainian, Frantzian, Argentinan, Kanadan eta Alemanian.

Irakasle ere aritu izan da Bilboko Kontserbatorioan eta konpositore gisa musika korala sortu izan du, erlijiosoa nahiz profanoa. Bere jardunbidean azpimarratzekoa izan zen “Euskal Meza” diskoa argitaratzea, proiektuan Euskal Herriko herrialde guztietako musikariak partaide.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia