euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalifornia: Joan den asteburuan San Frantziskoko Udako Besta eta NABO, datorrenean Chinoko Euskal Besta

2021/09/03

Iruñetik heldu Iñaki Reta jotero eta musikariak San Frantziskoko Euskal Bestan jo zuen iragan asteburuan eta Chinokoan joko du ondokoan
Iruñetik heldu Iñaki Reta jotero eta musikariak San Frantziskoko Euskal Bestan jo zuen iragan asteburuan eta Chinokoan joko du ondokoan

PUBLIZITATEA

Chino, Kalifornia, AEB. Aste honetan abuztua utzi eta irailean sartuz ikasturte berria hasi dugu Ipar Hemisferioan, edo horretara bideratu gara, pandemiaren erasoaldiarekin borrokan oraindik, baina baikortasun izpiak agertzen ari direla, jarduera presentzialetarako urratsak emanez, beti ere herrialde eta eskualdeen arabera, gure euskal diasporaren mundu honetan. Euskal abuztuaren amaiera San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak agurtu zuen joan den asteburuan Estatu Batuetan. Egin, presentziala egin zen, zuhurtziaz eta neurriak errespetatuz. Bertan nabarmendu zenez ez baitira oraindik ekitaldi jendetsuak antolatzeko tenoreak.

"Udako Besta", honela, euskaraz, du izena SFOko abuztu hondar-irail hastapeneko jai honek. Nabaria izan baita beti euskarak Gure Euskal Etxean eta San Frantziskoko euskal komunitatean izan duen presentzia. Elkarretaratzearekin eta asteburu osoko bestarekin batera, NABOk bere urteko Biltzar Nagusi edo Komentzioa egin zuen larunbat goizean Gure Euskal Etxean, partaide eta delegatu batzuk bertan zirela eta beste batzuk online. NABOko lehendakari berrautatu zuten Philippe Acheritogaray eta Mayie (Berterretche) Petracek diruzain. San Frantziskoko asteburua lasai joan zen, kopuruz apal --jendetza handitara ohituta daude bertan-- baina zeudenak gustuan, lagunarteko giro ederrean.

Joan den asteburuarekin segituz, Zorionak eman behar baita ere --Quebeceraino mugituz-- Montrealgo Euskaldunak euskal elkarteari, 25 urte bete eta joan den igandean ospatu baitzuen hiriko Parc Le Ber-en, haur, familia eta helduendako egun osoko elkarretaratze eta ospakizun tradizional batekin, goizeko 9etan mus txapelketa batekin abiatu eta kantua, bazkari herrikoia, joko eta jolasak eta musika lagun.

Euskal etxe gehiagotan ospatu dituzte urtebetetzeak joanden asteburuan. Argentinako General Rodriguezko 'Eusko Aterpea' datorkigu burura. 22 urte bete ditu eta ekitaldi batez ospatu; edo, Europaraino aldatuz, joan den larunbatean Bruselako Euskal Etxekoek familia giroko 'txoko' estiloko elkarretaratze eta afari bat partekatu zuten; Idahoko Boisen, egun berean, Euskal Museokoek Winefest ardo enkante festa eta dastaketa egin zuten, etekinak hiriko Euskal Museo eta Ikastolarentzat. Eta urtero abuztuan ere, ezin ahaztu Ternuan St Pierre eta Mikeluneko Euskal Bestak, aurten ere arrakastaz egin direnak, abuztuko hirugarren astean. Handik itzuli dira Euskal Herrira jaiak edertzen musikari ibilitako Jean-Louis Bergara, Battite Garat eta Beñat Chaubadindeguy.

Iraileko lehenengo aste honetan, sartzea eta abuztuaren oso gaineko aipu bat egitea besterik ez zen lerro hauen asmoa. EuskalKultura.eus-en ere ez baitugu abuztuan kaleratu buletina, nahiz eta presentzia mantendu dugun sare sozialetan. Lerrook amaitu aurretik, ordea, Kaliforniako hurrengo euskal elkarretaratzea nahi dugu ekarri hona, iraileko lehena, Chinokoa, datorren asteburu honetan.

Chjinon, larunbat honetan, pilota partidak eginen dira Aphessetchetarren trinketean San Frantzisko, Bakersfield eta Chinoko pilotarien artean. Igandean, meza [oroitu aita Antton Egiguren frantzizkotarrak bere ohiko meza emango duela internetez Merced-etik Kaliforniako 8:45etatik aurrera, eta ondoren autoz joango dela Chinoraino eta arratsaldeko 3etan emango duela Chinoko euskaldunentzat meza presentziala, hau ez online]. Mezan ez dira faltako Besta Berriko dantzariak, klika eta klubeko dantzari gazte eta txikiak (Gauden Bat-ekin batera, Xori Ttipiak, Eskualdun Izarrak eta Dantzari Onestak), ezta ere aurten, orain San Frantziskoaldean bizi den Iñaki Reta musikari eta jotaria animazioan lagun. Besta bururatzeko, astelehenean --AEBn Labor Day jai-eguna-- Euskal Gosari eta bruncha Berterretchetarren Centro Basco jatetxean, euskal giro ederrean.

Hasi da ikasturte berria, on egin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia