euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Julian Iantzi: "Bidaiatzeko era berri bat sustatu nahi dugu, Boiseko Diasporarekin batera Jaialdiaz gozatuz"

2015/06/05

Telebistako "El Conquistador del Fin del Mundo" saioan oinarritutako bidaian Argentinako euskal Diasporarekin bildu ziren Iantzi eta bidaiariak. Irudian, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean (argazkia Overtrails)
Telebistako "El Conquistador del Fin del Mundo" saioan oinarritutako bidaian Argentinako euskal Diasporarekin bildu ziren Iantzi eta bidaiariak. Irudian, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean (argazkia Overtrails)

PUBLIZITATEA

Uztailean Euskal Herriko hainbat lagunek Boiserako bidea hartuko dute, Jaialdiz gozatzeko irrikaz. Horietako batzuk gidari izango dute Julian Iantzi aurkezlea, euskal artzainen semea eta Kalifornian jaioa. AEBetako euskal Diasporarekin biltzea esperientzia oso berezia izango dela dio berak: "Gure asmoa Diasporako euskaldunekin egotea eta gozatzea da. Eurekin jan, dantza egin, abestu...". Hara doazen bi bidaia beteta omen daude dagoeneko, baina badira oraindik 15 leku, Boisez gain Las Vegas eta Coloradoko Kainoi Handira doan bidaian.

Donostia-San Sebastián. Aurtengo uztailaren hondarrean euskal jaiak Idahoko Boise hiria hartuko du eta astebetez AEBetako eta munduko Diasporaren bilgune bihurtuko da, Jaialdi 2015 euskal festa erraldoia dela medio. Bost urtean behin egiten da festa hau. "1987an antolatu zen lehenengoz eta urte horretan 30.000 pertsona bildu ziren", azaldu dio EuskalKultura.com-i Julian Iantzi aurkezleak.

Iantzik oso ondo ezagutzen du AEBetako euskal komunitatea. "Aitak, Angel Yancik, 23 urte pasa zituen AEBetan eta ni bertan sortu nintzen. Zazpi urte nituela Euskal Herrira itzuli ginen eta orduz geroztik hemen bizi naiz. Gaur egun osaba Beñardo dugu, soilik, Ameriketan, Boisen".

Iaz Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak antolatutako bidaian parte hartu zuen. "Kaliforniara joan ginen, 40 euskal artzainekin eta bere familiekin. Nire arreba, Laura Igantzi, antolatzailetako bat izan zen eta guk bi dokumental grabatu genituen ETBrentzat. Benetan bidaia hunkigarria izan zen. Gure artzainak pozik, negarrez, urduri, ilusioz gainezka ikusi genituen. Gaztetan lanean ezagututako lekuak berriz ere ikusi zituzten, euskal etxeak bisitatu, bere lagun eta senitartekoekin bildu... Benetan polita!!", esan du aurkezleak.

Aurten Iantzik Overtrails bidaia operadore nafarrak Jaialdira antolatu dituen bidaietan gidari lanak egingo ditu. Esperientzia zinez berezia izango dela dio Iantzik, eta Estatu Batuak eta euskal Diaspora era berezian ezagutzeko aukera emango duela. Bidaia gehienak dagoeneko beteta daude, baina interesa duenarentzat, oraindik lekua dago "Natura Bizia" delakoan (Boise, Salt Lake City, Bryce Canyon, Colorado Grand Canyon eta Las Vegas). Informazio osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia