euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Pablo Arriagaren Sustraiak proiektua Mexikora heldu da, Anahuac Unibertsitateko Euskal Astearen baitan

2008/03/13

Jose Pablo Arriaga artista markinarra
Jose Pablo Arriaga artista markinarra

PUBLIZITATEA

Euskal kulturak primerako erakusleihoa dauka egunotan Mexiko DFko Anahuac Unibertsitatean, bertan antolatu duten Euskal Astea dela eta. Erakusketak, mintzaldiak, euskal enpresen standak eta beste ekimen batzuk egiten ari dira eta asteartean Euskal Herriaren Eguna antolatu zuten, Mexikoko Euskadiko Ordezkaritzaren laguntzarekin. Aste honetako ekimenen artean Jose Pablo Arriaga artista markinarra Euskal Etxean ari da lanean, Sustraiak bere nazioarteko proiektuko hirugarren eskultura prestatuz.
Anahuac Unibertsitatea Euskal Astea egiten ari da egunotan, euskal artea, kultura, gastronomia eta enpresa mundua Mexikoko gizartearengana ekartzeko asmoz. Antolakuntzan Mexikoko Euskadiko Ordezkaritzak ere parte hartu du eta euren eskutik joan den asteartean Euskal Herriaren Eguna egin zuten unibertsitatean.

Astearteko ekimenen artean Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak 'Mexikoko Lanak' izeneko erakusketaren irekiera ofiziala egin zuen. Erakusketa joan den martxoaren 3az geroztik egon da ikusgai eta bihar bertan itxiko da. Bere lan artistikoa erakusteaz gain, Larrañagak 'Universidad Iberoamericana'-ren Puebla eta Mexiko DFko egoitzetan ematen dituen Euskara eta Euskal Kultura lektoretzei buruzko mintzaldia ere eskaini zuen.

Mexikoraino heltzen diren sustraiak

Aste honen baitan sorkuntza berezia egiten ari da Mexikon Jose Pablo Arriaga artista bizkaitarra. Arriaga Markina-Xemeingoa da eta berea euskal altzari tradizionalak egiten duten artisau familia da. Jose Maria anaiak euskal altzariak egiten ditu, 75 urtetako tradizioari ikuspuntu modernoa gehituz. Jose Pablok aldiz, tradizio hori bera eta eskulturen zur-taila uztartzen ditu bere lanetan. Orain, Sustraiak proiektuaren pauso berri bat ematen ari da Mexikon.

Proiektu honekin Arriagak zenbait herrialde lotzeko asmoa du, lurretik sortu eta zuhaitz bat besarkatzen duten sustraien bidez. Zuhaitza, artistaren ikuspuntutik, leku bakoitzeko ahaide eta lagun maiteen irudia da. Arriagak Markina-Xemeinen egin zuen proiektu honetako lehen eskultura, eta bigarrena Machillyn, Frantzian. Orain Mexikoko Euskal Etxean sortzen ari den lan berria hirugarrena izango du eta dagoeneko eskultura gehiago Frantzian eta Indian jartzeko eskaria jaso du egileak. Mexikoko eskulturak zuhaitz oso esanguratsua besarkatuko du, Polanco Kolonian landatuta dagoen Gernikako Arbolaren kimua, Mexikoko euskal komunitatearen eta Euskal Herriko ahaideen oroigarri.

Enpresa munduko topagunea

Anahuac Unibertsitatean egin zen Euskal Herriaren Eguna, bestalde, Mexikon lanean ari diren euskaldunen topagune ere bihurtu zen. Mexikoko euskal enpresek standak jarri zituzten eta euren lana ezagutzera emateko aukera izan zuten egunean zehar. Bestalde ekonomia eta industria munduari buruzko mintzaldiak eta gastronomia erakustaldiak ere eskaini ziren.


Lotura interesgarriak

Mexiko DFko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Arriagatarren webgunea
www.arriagaarte.com

Gorka Larrañagarekin elkarrizketa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia