euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Maia aste honetan kantari Habanan Nazioarteko Cubadisco 2024 kubatar musikaren jaialdiak gonbidatuta

2024/05/13

Jon Maiak Habanan kantatuko du maiatzaren 14tik 17ra "Kantu berri bat gara" ikuskizuna aurkeztuz
Jon Maiak Habanan kantatuko du maiatzaren 14tik 17ra "Kantu berri bat gara" ikuskizuna aurkeztuz

PUBLIZITATEA

Habana, Kuba. Jon Maiak Habanan kantatuko du aste honetan bere Kantu berri bat gara ikuskizunarekin, Kubako musikaren urteroko sari nagusiak banatzen dituen jaialdian. Bertsolari zumaiarra bere ohiko taldea lagun dago Kuban: Pello Ramirez (txeloa), Nerea Quincoces (perkusioak eta ahotsa), Gorka Hermosa (akordeoia) eta Nacho Soto (pianoa, sintetizadorea). Gogora dezagun 1991etik hona Maia Euskal Herriko izen handiko hainbat musikari eta talderen lankide izan dela letragile bezala, tartean Negu Gorriak, Gozategi, Gari, Benito Lertxundi, Anari, Mikel Urdangarin, Ken zazpi, Pirritx eta Porrotx, Pello Reparaz, ETS eta abar luze bat, 200 kantu inguruko zerrenda osatuz. Ekarpen baliotsuak egin ditu ere kantari gisa, baita idazle, gidoilari, dokumentalgile eta kazetari moduan ere.

Lau emanaldi emango ditu jaialdian, lauak Habanan, Etxepare Euskal Institutuak eta Bidean Produkzioak-etik iragarri dutenez.

- Maiatzaren 14an, 17:00etan, Pabellón Kubako Agertoki Nagusian
- Maiatzaren 16an, 15:00etan, Casa del Alba-n
- Maiatzaren 16an, 22:00etan, Bule Bar 66-n
- Maiatzaren 17an: 15:00etan, Pabellón Kubako Agertoki Nagusian.


Silvio Rodríguez eta Jon Maia 'Nostalgia' kanta abesten

Jon Maiak bi disko-liburu argitaratu ditu bere musika proiektu berrian: Kantu bat gara (Elkar, 2021) eta Kantu berri bat gara (Elkar, 2023), eta hainbat emanaldi ematen ari da Euskal Herriko areto nagusietan. Bere lan hauetan identitatea, migrazioa, hizkuntza edo elkarbizitza, eta gatazkak bezalako gaiak jorratzen ditu, molde berezietan eta beti ere letragile bezala bere lan eremua due hitzari lehentasuna emanez. Jon Maiak gonbidatu eta lagun ugariz inguratua egin ditu bere lan hauen, horien artean, bereziki nabarmentzekoa Silvio Rodriguez kubatar abeslari historikoarekin egindako Nostalgia kanta zirraragarria (ikus bideoa).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia