euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jexux Larrea, euskal dantza irakaslea: "AEBetako dantza taldeen ilusioa eta kemena mirestekoa da"

2019/06/17

Jexux Larrea Renon euskal dantzak erakusten, 2019-05-08
Jexux Larrea Renon euskal dantzak erakusten, 2019-05-08

PUBLIZITATEA

Dantzan.eus. AEBetako euskal etxeetan euskal dantzak erakusten ibili da Jexux Larrea, Argia dantza taldeko dantza-maisua. Ia bi hilabetean ibili da Ameriketan zehar; San Frantzisko (Kalifornia), Ontario (Oregon), Boise (Idaho), Reno (Nevada), Salt Lake City (Utah), Buffalo (Wyoming) eta Elkoko (Nevada) euskaldun jatorriko amerikarrei ikastaroak eskaintzen. Jexux Larrearen AEBetako birak Dantza Filmaren Ameriketako birarekin bat egin du. Zenbait euskal etxetan, Telmo Esnal pelikularen zuzendaria eta Gari Otamendi dantzaria lagun izan ditu Larreak. Ontarion, Boisen eta Renon kointziditu dute eta elkarrekin aurkeztu dute Dantza pelikula.

Dantzari eta irakasle etxean zein kanpoan

Antiguoko dantza taldean hasi zen Larrea dantzan eta hamasei urte inguru zituenetik Argia dantza taldean dabil, "Argian hazi eta hezi naiz". Egun Argiako dantzari eta dantza-maisu da, Astigarragako Astigar dantza taldean ere klaseak ematen ditu. Euskal Herritik kanpo ere dantzak irakasten esperientzia handia du Larreak, ez dira asko izango Estatu Batuetako dantza taldeak Larreak bezain gertutik ezagutzen dituenak. Orain dela 28 urte joan zen lehenengo aldiz AEBetara, Renoko Unibertsitateko Basque Studies zentroko beka baten bidez. Renon Zenbat Gara dantza taldea osatzen ari ziren, Lisa Corcostegui buru zela eta hilabeteko egonaldian sortzen ari ziren talde berriari lagundu zion. Hor hasi zuen Jexux Larreak amerikarrekin harremana. Harrezkero sarritan izan da bisitan; 2008an Corcosteguik Udaleku izeneko udalekuetan dantza-maisu aritzeko proposamena egin zion. Ordutik ia urtero joan da.

Azken bidaiatik Euskal Herrira iritsi berritan esperientzia ederra eta hunkigarria izan dela azaldu digu Larreak. Askotan ibili bada ere AEBetan dantzak erakusten, oraingoan inoiz baino bidaia luzeagoa eta intentsuagoa egin du, "Estatu Batuetan euskal dantzarien giroa nola dagoen ikusteko termometroa izan da. Euskal dantzarien erradiografia bat egiteko aukera badut".

Euskal etxe batetik bestera dantzan

Euskal Etxe gehienetan 3-4 eguneko egonaldiak egin ditu Larreak. Abiatu aurretik dantza taldeen nahiak ezagutu eta taldeei interesatzen zitzaizkien errepertorioak landu dituzte. Larreak ikastaroak emateaz gain, taldeetako entseguetan parte hartzen edota jaialdietarako ekarpenak egiten ahalegindu da.

San Frantziskon Valerie Etcharrenek zuzentzen duen Zazpiak Bat dantza taldearekin aritu da Larrea. Bertako euskal etxean egin duten saioan 22 dantzarik hartu zuten parte eta Gipuzkoako ezpata-dantza, Larrain-dantza eta Durangaldeko zortzikoa landu dituzte. Zazpiak Bateko dantzariak aurtengo Baztandarren Biltzarrera etortzekoak dira eta festaren bukaeran larrain-dantza egiten denez, dantza hori ikasteko interes berezia agertu dute.

San Frantziskotik Ontariora abiatu da Larrea, Beti Alai dantza taldearekin aritu da lanean. Zortzi dantzariko taldearekin brokel-dantza eta banakoa jorratu dituzte.

Boiseko geldialdian, berriz, bertako Oinkari taldeko batzuekin, erregelak eta brokel-dantza ikasi dituzte. Zuberoako dantzetako aitzineko puntu batzuk ere zuzentzeko eskatu diote eta horretan aritu dira. 25 kideko dantzari taldearekin Gipuzkoako dantzetako zenbait urrats ere landu dituzte: lau arin zaharra, lasterka jirakoa, jira galdua eta zorrotzak. Zuberoako kadrileak ere erakutsi dizkie. Bestalde, Boisen "Song of the basque" ikuskizuna berregin dute 70 urte eta gero. Larreak urrats batzuen aukeraketan lagundu die ikuskizunaren gidariei.

Renon ere Zazpiak Bat izeneko dantza taldearekin egin du topo Larreak. Aitzineko puntuak landu dituzte. Behin puntuak landu ondoren, gabota bat osatu dute. Hamar dantzarirekin jardun da Larrea lanean.

Salt Lake Cityko Triskalariak taldeak Otsagabiko dantzak ikasteko interesa agertu dute eta horretan aritu dira. Paseoa, Enperadorea eta Jota landu dituzte. Jexux Larrea taldeko entseguan ere izan da, aholkuren bat emateko eskatu baitiote.

Buffalon Mick Caminoren gidaritzapean aritzen den Zaharrer Segi dantzari taldeko 25 lagun bildu dira ikastaroetan, ume, gazte eta helduak. Uztai-dantza, Lapurdiko Kaskarot martxa, xinple eta marmutx, zapatain-dantza, bi makila dantzak eta jauziak erakutsi dizkie.

Azken geltokia Elko izan du Larreak. Ariñak dantza taldearekin izan da, 14 eta 28 urte bitarteko ikasleak izan ditu bertan. Gipuzkoako ezpata-dantza eta brokel-dantzako dantzak ikasi dituzte.

Euskaldun izatea Ameriketan oso konplikatua dela dio Larreak, "dantza talde horietan dabiltzan jendearen kemena eta ilusioa mirestekoa da". Nabarmentzekoa da, euskal jatorriko amerikar askok euskaldun izatea dantzaren munduarekin lotzen dutela. Bihotz bihotzetik eskertu dute Larrearen ekarpena, "benetan, oso maitatua sentitu naiz".

(Dantza.eusen argitara emaniko erreportajea)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia