euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Japonia: hauek dira Okinawako ekitaldian omenduko dituzten euskal diasporako kideetako batzuk

2023/12/04

Okinawan euskaldunen omenezko zeremonian lekuko izango diren bannerrak, Euskal Herriaren eta Japoniaren lokarri
Okinawan euskaldunen omenezko zeremonian lekuko izango diren bannerrak, Euskal Herriaren eta Japoniaren lokarri

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Gaur asteartea, abenduaren 5ean Okinawan, Itoman hiriko Bakearen Parke Oroigarrian egingo den ekitaldiak urrats berria dakar, ez bakarrik adierazirik ikerlan ineditoa egin dela Bigarren Mundu Gerran (GMG) Estatu Batuetako Indar Armatuetan euskaldunek eta euskal jatorrikoek izan zuten partaidetzaz, ondoko pausoa ere eman delako baizik, esan nahi baita emaitzak plazaratu eta hedatzeko bidean daudela, publikoki errekonozituz haiek egindakoa, informazio hori lanean jarriz. Ezagutza hori da, izan ere, egin diezaiekegun omenaldirik onena. Ildo horretan, eta eskerrak emanez Sancho de Beurko Fundazioari, eta zehatzago Pedro Oiarzabal eta Guillermo Tabernillari euren lana eta konpromisoagatik, beti eskuzabal prest egoteagatik gure historia ezagutarazi eta zabaltzeko, datozen lerroetan bihar Okinawan omenaldia jasoko duten pertsonetako datu eta eta informazio batzuk bildu ditugu.


Ezkerretik eskuinera, Joseph Uriola, Alejandro Itcea eta Felix Ordoquihandy

Joseph Uriola

Joseph Uriola Boise Idahon jaio zen 1919an eta Juan Urriolabeitia markinarraren eta Maria Dolores Alcorta ondarroarraren semea zen. 22 urte zituela sartua zen AEBko Armadan, Pearl Harbor-eko erasoa baino hiñlabete batzuk lehenago. Infanteriako 7. Dibisioko 184. Erregimentuko kide gisa, Aleutiar Uharteetako Kanpainan hartu zuen parte, eta Kwajalein eta Leyte-ko batailetan. Borrokan hil zen Okinawan, 1945eko apirilaren 7an, 25 urte zituela. Bihotz Purpura eman zioten eta Brontzezko Izar bat, post mortem, zauritutako kide bati bizitza salbatzeagatik Filipinetan. Bere gorpua AEBra eraman eta Yuba Cityko (Kalifornia) Sierra View Memorial Park-en ehortzi zuten.

Alejandro Itcea

1922ko abenduaren 2an Walnut-en, Los Angeles Kalifornian jaioa, Pablo Itcea Ariztia (Azpilikueta) eta Paulina Zualet Ithurriaren (Urdazubi) semea zen. Ama lau urte zituela galdu zuen eta aitarekin (hau berriz ere ezkonduko zen) eta anaia-arrebekin bizi izan zen ondoko San Jose konderrian. La Puente High School-en graduatu zen 1942an. Familiaren ganadu arrantxoan eta garagar etxaldean egin zuen lan Walnuten, Estatu Batuetako Armadara bildu zen arte 1944ko irailaren 21ean. Ezkontzeko hitzemana zegoen Gloria Ferrerorekin, baina ez zen oraindik ezkondua itsasoz bestaldera bidali zutenean 1945eko otsailean Infanteriako 77. Dibisioko 306. Erregimentuarekin. Lehenik Hawaiira destinatu zuten hilabete eta erdi, eta Saipan-era. Okinawan borrokatu zen, eta bertan hil zen jasandako zauriengatik 1945eko maiatzaren 30ean, "bataila luzi eta eursitsu batean" (bere iloba txiki Christina Ruiz-Gonzalezen hitzetan). Brontzezko Izarra eman zioten eta Bihotz Purupura. Los Angeleseko Calvaty Kanposantuan dago ehortzia.

Félix Ordoquihandy

Félix Ordoquihandy "Red" San Frantzisko Kalifornian jaio zen 1926an. George Washington High School-en graduatu zen 1943ko klasean eta baseballeko jokalari gisa nabarmendu zen han. Berehala eman zuen izena Marineen Gorputzean eta 1. Dibisioko 5. Erregimentuan sartu zuten. Nagusiek berehala ohartu ziren kirol alorrean zeuzkan ezugarriez eta lokarri edo "runner" gisa ezarri zuten, bere misioa komunikazioek huts egiten zutenean mezuak eramatea izanik, arrisku handia hartuz borrokaguneetan bizkor mugitu behar zuelako. Brontzezko Izarra eman zioten bere heroitasunagatik Okinawan 1945eko maiatzaren 27an. Zoritxarrez, uharte hartan borrokak bururatu ondoren itota hil zen 1945eko uztailaren 17an. Bere gorpua ez zuten sekula aurkitu.

Mikel Usatorre eta Antonio Brouard

Okinaqako aukera hau une egokia da aurretik argitaratuta geure disporari lotutako beste istorio batzuk berreskuratzeko, esaterako Mikel Usatorre eta Antonio "Antón" Brouard lekeitiarrenak. Bigarren Mundu Gerra (BMG) ondotik bertan ezarri eta lehena kapitaina eta uharte hartako buru izan zen 25 urtez. Han topo egingo zuen bigarrenarekin, hau bost urtez praktikoa izan baitzen. Biek lotura izan zuten BMG bitartean AEBko merkataritza ontzidiarekin, garraio lanetara eta tropen hornikuntzara dedikatutako ontzietan. lehenago, Usatorre, Gerra Zibileko betaranoa Euskal Armadako kide, bandera argentinarreko ontzi batean ibilitakoa zen, Victoria petrolio-ontzian, urpeko-ontzi aleman batek bitan torpedoz erasotua 1942ko apirilaren 18an. Sancho de Beurko Elkartearen artikulua horretaz lotura honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia