euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaialdi 2025: Oñati - Boise programaren 50. urtebetetzea Kapitolioan, gobernadoreak 'Basque Week' aldarrikatu zuen

2025/08/08

Idahoko gobernadore Brad Little euskal agintari eta gonbidatuei mintzo Kapitolioko rotondan "The Basque Week" aldarrikatzerakoan
Idahoko gobernadore Brad Little euskal agintari eta gonbidatuei mintzo Kapitolioko rotondan "The Basque Week" aldarrikatzerakoan

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Atzerabegikoa eginez, berez aurreko asteko larunbatean hasi ziren Boisen Jaialdiri lotutako ekitaldiak. Larunbatean egin zen, esaterako, Boisen bide bat egina duen "Basque Open Golf Tournament"en 2025eko edizioa, hiriko Warm Spring golf zelaian. Igande horretan ere, giroa berotzeko, Boisen sortua den azken euskal bandetako batek, Triki Taka Stomp-ek, arratsaldepasa musikatu bat eskaini zuen Basque Block ondoko Hap Hap Lounge aretoan, ikurrinez apaindua. Giro ederra sortu zuten, jendea dantzan partaide, eta momentu batean Xabi Aburruzaga eta Aitor Uribarri trikitilariak ere jo zuten, banda euskal boisetarraren atsedenaldian. Beroketa ederra izan zen, ondoko astean zetorrenerako.

Astelehenean, berriz, "Kaixo Corner" izeneko parketxoa inauguratu zen Basque Block apur bat handituz, eta izan ere, Jaialdiko festa-esparru barruan funtzionatu du egunotan. Kaixo Corner-ek arnasgune bat ematen dio inguruari, atsedena hartzeko eta kontzertu txikiak egiteko aukera ematen baitu kalean. Miren (Rementeria) Artiach-en eskuzabaltasunari zor zaio, euskaltzale, NABOko fundatzaile, irakasle, Pete Cenarrusa izan zenaren idazkari urte askoan, eta euskara eta euskal kulturarekin erabat engaiatutako boisetar euskaldun honi. Hainbatek pertsonalki eman zizkioten eskerrak NABOren Bizi Emankorra saria ere baduen Mireni. Asteartean, azkenik, Oñati-Boise programaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zen Kapitolioan (1974-2024), protagonistetako hainbat partaide, zinema moduko areto txukun batean lehenik, eta gero bat egin zuten bildutakoek, Kapitolioko rotondan, Brad Little gobernadorearen eskutik astea "Basque Week" izendatzen zuen aldarrikapenaren sinadura eta Jaialdi abiatze ekitaldiarekin,


Triki Taka Stomp, Boisen sortu den euskal talde berrienetako bat igande arratsaldea animatzen Boisen


Gaztejendea dantzan eta kantari, euskal pieza eta aireen erritmoan, Hap Hap Lounge terrazan


Taldeko guztiak dira estatu Batuetan sortutako euskal amerikarrak, eta euskalduna da euren musika


Atsedena hartu dute Triki Taka Stomp-ekoek, eta minutu batzuetan Xabi Aburruzaga eta Aitor Uribarri


'Kaixo Corner' plazatxoaren inaugurazioa Basque Block ondoan: Oinkari eta Txantxangorriak


San Inazio Pilota Txapelketa hasi da Boiseko Anduiza frontoian (ikusi partida guztiak osorik hemen)


Kapitolioaren eraikineko aretoetan, Boiseko alkate Lauren McLean Oñati-Boiseren harremanaz


Oñatiko alkate Izaro Elorza zuzendu zitzaien bertaratutakoei eta Ibone Bengoetxea lehendakariordea (irudian)


Hainbat jende bildu zen ekitaldira, Oñati-Boise harreman berezi honen urtebetetzea gogoratu eta ospatzera


Iñaki Galdos, 50. urteurrena dela-eta liburua idatzi duen oñatiarra, euskaraz mintzatu eta atzean ingelesez


Urtetan zehar Oñati-Boise programan protagonista izandako askoren biltoki izan zen ekitaldia


Pasadizoak eta lekukotasunak eskaintzen, kasu honetan Jesus Alzelai boisetartutako oñatiarra


Eta Kapitolio beheko solairuetatik goiko partera. Gobernadorea bertaratutakoei mintzo


Brad Little gobernadorea ongietorria ematen Idahoko Kapitoliora etorritako agintari eta gonbidatuei


Idahoko Kapitolioko rotondan ipinita Oñati-Boise programaren 50. urteurreneko erakusketako panelak


Soka-dantza partehartzaile gisa, gobernadorea lehena, bira ematen Kapitolioko rotondari


Ohorezko aurreskua bertako dantzariek Idahoko gobernadoreari eta Euskadiko agintariei


Iluntzean, giroa Basque Blocken eta erdiguneko tabernetan. Pengilly's-en, Trikilintxoko lagunek girotuta

(segituko)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia