euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jack Sallaberry-k eta Rennee Guibert-ek irabazi dute Yuba City-ko 39. Euskal Txorizo Txapelketa

2015/02/13

Bert Ithurburn antolatzaile eta epailearen berbetan "oso txorizo ona" prestatu zuten irabazleek. (Argazkia: Euskal Kultura)
Bert Ithurburn antolatzaile eta epailearen berbetan "oso txorizo ona" prestatu zuten irabazleek. (Argazkia: Euskal Kultura)

PUBLIZITATEA

“Benetan gustagarriak izan dira aurtengo txorizoak”, iritzi dio Bert Ithurburn antolatzaileak EuskalKultura.com-i. Izatez, iragan larunbatean eginiko finalean parean geratu ziren bi talde finalistak eta epaile estra bat behar izan zuten irabazlea hautatzeko. Aipagarria oso ere, Guibert-ek bere semearen taldea izan zuela aurrez-aurre buruz-buruko azken txandan, txapeldunaren kopa eta amantala zeinek bereganatuko. Datorren urtekoa, 40. edizioa izango du euskal kaliforniar lehiaketa honek.

Yuba City, AEB. San Frantzisko ingurutik ailegatu ziren Guibert eta Sallaberry Yuba City-ra eta “oso txorizo ona” egin zutela adierazi du Ithurburn-ek. “Haragia samur-samur zegoen; ez zen mingotsegia ezta minegia ere eta gatz kantitate aproposa zeukan”. Beraiekin batera, beste 31 bikote lehiatu ziren, Renotik (Nevada) zein bost ordura dagoen San Luis Obispotik (Kalifornia erdialdea) helduak batzuk.

Irabazleen amantalek ikurrina, lauburu bat eta 2015 Chorizo Champion esaldia zeukaten josia. Kopak, bestalde, orain arteko irabazle guztien izena zeukan idatzita eta, horiei, Guibert eta Sallaberryrenak gehitu zizkieten. Urte osoan zehar bikote irabazleak eukiko du, harik eta datorren urtean, irabazle berriei pasako dioten arte.

Sutter Youth Hall-en egindako jaialdi honetara 250 lagun inguru animatu ziren. Eta nahiz eta denek ez zuten norgehiagokan parte hartu, gehientsuenek etxean egindako jatekoren bat eraman zuten: garbantzuak, patata entsalada, mihia, makarroiak, flana… Horrez gain, Joe Lopezek muskuiluak, izkirak, txorizoa eta oilaskoa zuen paella ere prestatu zuen.

Goizeko 10:00etan heldu ziren lehenak, iragan larunbatean, txapelketa 12:30ak arte hasi ez arren, eta arratsaldeko 19:30etarako bukatua zen dena. Pozarren zegoen Ithurburn, donazioei esker, 1.200 dolar batzea lortu baitzuten. Behar beharrezko dirua parean geratzeko: alegia, antolakuntzan gastatutakoak pagatzeko, errentatik hasita eta asegurura arte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia