Arrecifes, Argentina. Itzuli berri-berria, eta bere Euskal Herria Tourraren hurrengo edizioa antolatzen hasia da jadanik Mariana Dominé arrecifestarra. Aurten ere esperientzia ederra izan dute eta arrakasta errepikatu nahi du datorren urtean. Argentinako bazter askotako 19 bidaiarik osatu dute taldea eta hiru astez Euskal Herriko hiriburuak eta baita hondartzak eta mendiak eta barnealdea ere bisitatu dituzte. Bi gau eman dituzte Baionan, “aukera ederra Iparraldeko giroa bizitzeko” eta "bertatik 'jauziak emateko", esan dio antolatzaileak EuskalKultura.eus-i.
2013an hasi zen Mariana Dominé bere talde bidaiak antolatzen eta urtero egin arren “bakoitza bakarra d(el)a” aitortu digu. Bere esanetan, “Martxan jartzen garenean, lehenengo aldia balitz bezala da. Bidaia bakoitzak bere berezitasunak dauzka, talde bakoitzak izaera eta nortasun propioa du eta horrek guztiak egiten du bakarra, guztiok euskal kultura eta Euskal Herriarekiko sentitzen dugun hurbiltasun eta jakinmin eta interesa lokarri ditugula”, adierazi digu.
Barre batzuk botatzeko abagunea Iruñean, entzierroaren gezurrezko argazkia
Bidaiarien neurrira egina
Azaltzen digu Marianak ibilbideak, normala den moduan, aldez aurretik antolatuta badaude ere, beti topatzen dutela zirrikiturik proposamenen jakinei lekua egiteko. “Donostiara abiatu ginenean, esaterako, taldeko Lydiak eskatu zigun ea errepide nagusitik ateraterik ba al genuen, Irunen, bere aitona atera zen etxeraino heldu eta ezagutu ahal izateko. Papertxo zimurtu zeukan helbidea, poltsikoan… nola ezetzik emango?… Txoferrek ezagutzen gaituzte, badakite nolakoak garen, eta astia atera genuen Lydiaren aitonaren etxeraino joateko. Argazki batzuk egin zituen poz-pozik etxe aurrean eta seguru nago harro erakutsiko dizkiela bere bilobei”, kontatu digu Marianak.
Ezusteko bisita
Ezusteko topaketa bat ere izan zuen taldeak Iparraldeko sagardotegi batean. Bazkaltzen ari zirela Jakes Erramouspe aldudar euskaltzalea inguratu zitzaien. “Jakes folklore argentinarraren eta bereziki Chango Spaciuk-en zale amorratua da eta jakin zuenean Azkaineko sagardotegi honetan behar genuela bazkaldu, zalantzarik ez zuen izan gu agurtzeko. Aitzaki ederra izan genuen argentinar folkloreko abesti batzuk beretzat kantatu eta dantzatzeko, eta berak ere euskal klasiko batzuk oparitu zizkigun. Abesteaz gain bere familiaren hainbat pasadizo kontatu zizkigun; bertsolariak, artzainak, musikariak dira, eta historia aberatsekoak Diasporan. Ederra izan zen”, adierazi du bidaiaren antolatzaileak.
Sagardotegian euskal eta argentinar, Mariana Dominé & Anamari Solanes-Dominé ama-alabak eta Jakes Erramouspe
“Lehen esan dudan bezala, bidaia bakoitzak bere berezitasuna dauka eta guztiak ezberdinak dira; baina bai dutela ezaugarri komuna: ‘Euskal Herria Tourra’ ez da eskaintza turistiko hutsa… Askoz ere gehiago da. Euskal Herriarekiko, euskal kultura eta jendearekiko maitasunak eragiten duen eta bilgarri duen proposamen bat, edo bestela esanda, zentzumenen, paisaien eta zaporeen bitartez geure historiara hurbiltzen gaituen bide berezia bat”, jakinarazten digu euskaltzale arrecifestarrak.
Datorren bidaiari buruzko informazioa, Mariana Dominé-ri mdomine2013@gmail.com emailera idatziz edo Whatsappez (+54) 9 2478 498361 zenbakira. Sare sozialetan, berriz, bere weguneak dira: Facebook eta Instagram.