euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Ameriketako Euskaldunek 'Omenaldi Berezia' eskainiko diete bertako bertsolariei San Frantziskon martxoaren 14an

2020/03/05

NABOren 'Omenaldi Berezia' AEBetako euskal bertsolariei martxoaren 14an San Frantziskoko Gure Euskal Etxean
NABOren 'Omenaldi Berezia' AEBetako euskal bertsolariei martxoaren 14an San Frantziskoko Gure Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. NABOK, Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioak 'Omenaldi Berezia' (sic) eskainiko die Estatu Batuetan euskal bertsolaritzaren sua bizirik mantendu duten bertako bertsolariei, eta azken hamarkadetan lan horretan, euskal jai eta elkarretaratzeak edertzen aritu diren bost bertsolariri bere esker ona adieraziko die South San Frantziskoko Gure Euskal Etxean martxoaren 14an gauzatuko den ekitaldi baten bidez.

Omenaldia jasoko duten bertsolariok izango dira Kaliforniako (San Frantziskoaldea) Gratien Alfaro, Jesus Arriada eta Johnny Curutchet, Wyoming-eko (Rock Springs) Martin Goicoechea eta Nevadako (Reno) Jesus Goñi. Ekitaldian parte hartzeko, propio etorriko dira Euskal Herritik beste bi bertsolari, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze, eta lan berezia egingo du aurkezten/ingelesatzen Xabier Paiak, hau ere EHtik etorririk. San Frantziskoaldeko Frantxua Bidaurreta izango da gai-jartzaile. Eta Renoko Joxe Mallea-Olaetxek bertsolaritzari buruzko aurkezpen orokor bat egingo du.

Saioa 16:00etan hasiko da, ordu t'erdiko iraupena izango duen bertso saioarekin. Ekitaldia euskarazkoa izango bada ere, ingelesezko laburpenak eskainiko zaizkio ekitaldia euskaraz segitzeko arazoak izan ditzakeen publikoari. 18:00etan zintzur bustitze edo aperitiboaren tenorea izango da eta azkenik senidetasun afaria, 19:00etan.

Musika aldetik, Nevadako Elkotik etorritako Mercedes Mendive akordeoi-jotzaileak alaituko du arratsalde-gaua.

Ekitaldirako txartelak eskuratu nahi dituztenek, gaur daukate azkeneko eguna, 50 dolarreko prezioan, NABOko idazkari den Kate Caminori emaila idatziz info a bildua nabasque puntu eus helbidera edo deituz +1 775-241-3752 zenbakira. Informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia