euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ilusioa eta berriz elkar ikusteko poza nagusi Macachinen 2022ko Euskal Aste Nazionalean: ikus irudi kronika (I)

2022/10/10

PUBLIZITATEA

Macachin, Argentina. 'Sutegi' eta 'Txalaparty' izeneko festarekin amaitu zen atzo Macachinen Euskal Argentinar Aste Nazionala 2022. Urriaren 1etik eta gaur bertan —jai da Argentinan— bukatuta, eta bereziki azken asteburu honetan konzentratuta, luze itxaron izandakoa iritsi eta jendearen nahiak bete ditu: pandemiagatik bi urtez kantzelatzera behartuta, bazen gogoa urteroko hitzordu honetara etorri eta berriz ere lagunak ikusteko, elkarrekin momentu goxoak pasatzeko, eta ez zen gutizia, beharra baizik, EuskalKultura.eus-i hainbatek esan dionez. 55 izan dira herrialde osotik bertaratutako euskal etxeak, partaidetza konpartitu, elkarretaratzetik elikatu eta indarrak zaharberriturik, parioa geroaren alde eginik, "gizatalde gisa dugun iragan aberatsari etorkizun are oparoagoa" eman nahirik, "guztion sostenguz eta denon ahalegina lagun, norberak jaso eta emanez, batzen gaituzten sentimentu eta konpromisoa bultzagarri, horri guztiari esker heldu baikara honaino", iritzi dio EuskalKultura.eus-i Tomas Vicentek, 26 urteko macachindarra eta antolatzaile taldekoak, bertako Euzko Alkartasuna EEko partaide.

EuskalKultura.eus-ek artikulu sorta bat argitaratuko du datozen egunetan Macachinek ekarritakoa ardatz, irudi selekzio bat eginez, argazki zein bideo, 2022ko Euskal Aste Nazionalaren berri gure irakurleei islatzeko. Gaur, aurrerapen gisa, lehenengo lau bideoak ekarri ditugu hona. On egiten hasi!


Hazparneko Joaldunak joareen zarata eta erritmoez bidea zabaltzen Macachingo kaleetan


Bertakoekin bat eginez, Barakaldotik Laguntasuna taldeko dantzariak bildu ziren Macachinera


Eta Argentinako danborrada donostiarra... musika banda militarra lagun izan zuela!


Kalejira larunbateko gaualdian, hainbat emozio piztu eta txalo zaparradak sustatu ondoren

Segituko du ondoko kronikarekin...



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia