euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iker Canut rosariotarraren ‘Cancionero Vasco’ aplikazioak 300 deskarga lortu ditu hiru egunetan, ez duzu oraindik jaitsi?

2021/07/28

‘Cancionero Vasco’ delako aplikazioa eta Iker Canut rosariotarra
‘Cancionero Vasco’ delako aplikazioa eta Iker Canut rosariotarra

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. ‘Cancionero Vasco’ (Euskal Kantutegia) izeneko aplikazioak ehundik gora euskarazko abesti –gaztelaniazko itzulpenarekin– eta bilbainada jartzen ditu erabiltzaileen eskura, era erraz batean eta doan. Abestiez gain, 60 bat partiturak eta olerki atal berezi batek osatzen dute proposamena. Gaur egun aplikazioa Android sistemako gailuetan bakarrik instala daiteke baina Iker Canut sortzaileak jakinarazi digu lanean ari dela jadanik Iphone teknologian ere laster erabilgai egon dadin.

Atera berri den Euskal Kantutegi birtualak 300 deskarga lortu ditu hiru egun eskasean; baina ez da kopurua Rosarioko gaztea gehien harritzen duena. “300 deskarga horien artean, ehun bat Euskal Herritik egin dira! Eta gainerakoak, Argentinatik, jakina, baina baita Mexiko, Puerto Rico, Txile, Uruguai, Ekuador, Italia eta Estatu Batuetatik ere”.

Hain denbora gutxian lortutako hedapena bultzada handia da Unibertsitatean Informatika ikasten ari den gaztearentzat eta dagoeneko aztertzen ari da aplikazioa nola hobetu: urrats berri batean abesti eta partitura gehiago gehitu nahi dizkio eta, irakurri bitartean, kantak entzuteko aukera.

"Behar genuen aplikazioa"

Oso ohikoa da –hala zen pandemia hasi aurretik eta iitzuliko da laster– euskal etxeetako topaketetan elkarretaratzeak abesten bukatzea. Arazoa izan ohi da askotan zaila dela letrak osorik jakitea. Eta ‘hutsune’ hori betetzera dator Ikerren proposamena.

“Txikitatik naiz Rosarioko Zazpirak Bat-ekoa; dantzaria ere banaiz eta Gaztedi Zutik taldekoekin elkartzen garenean beti abesten dugu. Eta batzuetan zaila da hitz guztiak gogoratzea. Egun batean pentsatu nuen, ‘nola egin dezaket abestiak nire lagunekin konpartitzeko?’ Horrela sortu zen ideia eta orain, nire lagunekin ez ezik, mundu osoko jendearekin elkarbana ditzaket”, azaldu digu Ikerrek.

Iker Canut Bizkaitik –Berriatua eta Mallabiatik– etorritako familia batean jaioa da eta 2018an izan zuen Euskal Herrira lehenengoz bidaiatzeko aukera. “Bueltatu nintzenean argi neukan euskara ikasi behar nuela eta horretan hasi nintzen. Horregatik ni neu arduratu naiz aplikazioko itzulpenez, laguntzarekin jakina”, kontatu digu lotsati baina adi berean harro.

"Pozik nago oso aplikazioarekin; badakit proiektu handiago bateko lehenengo urratsak direla. ‘Cancionero Vasco’n nire bizitzan garrantzi handia duten bi gauza lotu ahal izan ditut: unibertsitate ikasketak eta euskal kulturarekiko sentimendua”, adierazi digu gazteak.

'Cancionero Vasco' aplikazioa, link honetan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia