euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hainbat jende bildu zen asteburuan Los Banos-era bertako euskal etxearen 50. urteurrena ospatzera (I)

2014/05/21

Estatu Batuetako Ordezkari Ganberak (Kongresuak) agiri bat argitaratu zuen, Kaliforniako Jim Costa kongresukidearen eskutik, zorionak emanez Los Banos-eko Euskal Etxeari, mende erdi bat betetzeagatik euskal kultura sustatzen (argazkia EuskalKultura.com)
Estatu Batuetako Ordezkari Ganberak (Kongresuak) agiri bat argitaratu zuen, Kaliforniako Jim Costa kongresukidearen eskutik, zorionak emanez Los Banos-eko Euskal Etxeari, mende erdi bat betetzeagatik euskal kultura sustatzen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Arrakastaz ospatu zuen joan den asteburuan Los Banoseko euskal etxe kaliforniarrak elkartea sortu zeneko 50. urteurrena. Normalean igandekoa izan ohi den bere urteroko festak bi egun hartu ditu aurten eta jendeak egoki erantzun zuen larunbat eta igandean Los Banoseko azokalekura biltzeko egindako deia. "NABOren biltzar eta festa nagusia datorren astean izanik Bakersfield-en, beldurren bat bagenuen, baina, egiari zor, gure usteak gainditu egin dira eta jende andana ederra bildu zaigu eta urtebetetze festa polita ospatu dugu", aitortu dio EuskalKultura.com-i elkarteko lehendakari Amador Zabalbeascoak. Hona festaren argazki kronika.

Los Banos, Estatu Batuak. Bi eguneko ospakizunak larunbat goizean hasi ziren, Los Banos Basque Club elkarteak inguru zabal batetik eta baita estatutik kanpoko jendea ere erakarriz urtero antolatzen duen mus txapelketaren edizio berri batekin. Larunbat arratsalde partez, elkarretaratzea antolatu zen afaldu aurretik O'Bannon Hall aretoan, bostetan hasita, kantina zabalik. Gero, zazpi t'erdiak aldera, 50. Urteurren afaria etorri zen, eta haren baitan hitzaldia irudiz hornitua eskaini zuen EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarrik "Kalifornia eta euskaldunak" gaitzat harturik. Afaldu ostean, dantzaldia egin zen aretoan bertan, Euskal Herritik ekarritako Luhartz taldearen eskutik.

2014 los banos igandea 01

[Igandean ekitaldiak euskaraz eta ingelesez garatu zen meza batekin hasi zen. Mezako hainbat atal eta kantuak euskaraz izan ziren, kasu batzuetan itzulpenak ingelesez pantaila batetara proiektatuta. Meza edertuz, zenbait euskal musika, dantza eta bertso sarrera, ia erabat bete zen O'Bannon aretoan, Los Banoseko azokagunearen baitan (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 02

[Meza emaile, Fresnoko apezpikua eta aita Lastiri: irudian, ezkerrean, aita Mixel Lastiri, eta, eskuinean, Ochoa apezpìkua, biak kaliforniarrak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 03

[Elizkizuna aberastu zuten, besteak beste, Elgarrekin abesbatzak, Klikak eta bertsolariek. Irudian, ezker-eskuin, Gexan Alfaro, Johnny Curutchet eta Jesus Goñi bertsolariak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos 04

[Mezarako sarrera eta irteera prozesioan egin ziren, korala, dantzariak eta bersolariak partaide, banderariekin eta meza-emaileekin batera, estilo amerikar agerian (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos 05

[Meza ondotik, jendea Fairgrounds edo aire zabaleko azokagunera pasatu zen, programaren gainerakoa bertan gauzatzeko (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos 06

[Bertan saltokiak ipini zituzten, besteak beste, "Barbor Etchepare Basque Imports" enpresakoek, duela hilabete gutxi txanda hartu diotenak Etcheverry Imports konpainiari (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 07

[Stand-eko beste bat "Lauburu Art" konpainiak ezarri zuen, Marianne Schaffeld Uberuaga idahotarrak, berak egindako diseinu eta artikulu euskal ikutudunak plazaratzeko sortu zuen enpresak (argazkia EuskalKultura.com)]

 2014 los banos igandea 08

[Bazkaria BBQ edo barbakoa estilokoa izan zen, Estatu Batu mendebaldeko euskal piknik gehienetan bezala. Igande arratsaldeko programa hasteko, bertan ohi denez, Estatu Batuetako ereserkia, eta Gernikako Arbola kantatu ziren, azken hau Los Banos Basque Club-eko presidente Amador Zabalbeaskoak kantatua (argazkia EuskalKultura.com)]

  2014 los banos igandea 09

[Eta urtebetetzea izanik, zenbait hautetsi eta kargu publikoek agiriak, diplomak eta errekonozimendu idatziak bidaliz nahi izan zuten festara bertaratu, gogoan harturik hauteskunde garaian gaudela (argazkia EuskalKultura.com)]

  2014 los banos igandea 10

[Zorion eta errekonozimenduen artean honakoa nabarmenduko dugu: Estatu Batuetako Kongresuaren agirietan argitara emandakoa, Kaliforniako barruti honetako Jim Costa kongresukidearen eskutik, Los Banos Basque Club-aren lana aitortu eta zorionduz (argazkia EuskalKultura.com)]

  2014 los banos igandea 11

[Festak herri-kirolak ere izan zituen, ez Euskal Herritik etorriak, Estatu Batuetako zenbait lekuetatik baizik. Irudian Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Basque Country markari eutsiz, aizkolariak: ezker-eskuin, Ricky Lasa, Juan Brana, Juanmari Aramendi, JoseTellechea eta Cristophe Alfaro (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 12

[Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat ere partaide izan zen ekitaldietan. Euskal Herritik etorria, Kanpoan bizi den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako bi kide, Asier Vallejo zuzendaria eta Benan Oregi teknikaria. Euskaditik etorria baita ere, Asun Garikano idazle eta itzultzailea, azken bi urteotan Kaliforniako euskal historiari buruzko bi liburu baliagarriren egilea bera. Eta, azkenik, Los Banosera etorria baita ere, baina New Yorketik, bertan baitauka egoitza Euskadiren Estatu Batuetarako Ordezkaritzak, Ander Caballero Euskadiren Ordezkaria Estatu Batuak eta Kanadarako. Los Banoseko Euskal Etxeko lehendakaria, Amador Zabalbeascoa, hunkitu egin zen esaterakoan 50. urteurreneko eguna pozgarria zela, lehenengoz Eusko Jaurlaritzaren ordezkari ofizial bat bertaratu baitzen Las Banosera (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 13

[Aizkolariak euren jardunean. Ezker-eskuin, Juan Brana (Nevakoa) eta Ricky Lasa eta Juanmari Aramendi, Rhode Islandekoak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 14

[Besteak beste, AEBetako bi kostaldeetako lehiaketa gisa ere aritu ziren aizkolariak.Irudian, ezker-eskuin, Juan ASramendi eta Juan Brana (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 15

[Ekitaldia baliatu zuen Los Banos Basque Club-ek, urtero bigarren hezkuntza amaitu eta Unibertsitatera pasatu behar duten elkarteko gazteei diru kopuru bat eta diploma bat emateko. Irudiak aurten saritutako dantzariak erakusten ditu, klubeko lehendakari Amador Zabalbeascoa erdian, zango bat belauniko; lerroan, dantzari sarituak eta euren taldeko zuzendariak: ezkerretik hasita lehenengoa, Annie Erreca; eta eskuinetik hasita, Michelle DiGiovanni eta Andree Soares (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 16

[Los Banoseko Euskal Etxeko dantzari txikiak, igandean eskaini zuten dantzetako batean (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 17

[Parte hartu zuten baita ere, San Frantzisko Klikak (irudian) eta Zazpiak Bat dantza taldeak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 18

[Kalifornia hegoaldetik, Chinoko Gauden Bat dantza taldeko dantzariek hartu zuten parte (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 19

[Programaren azken txanpan, eta herri kirolenartean, txinga probak egin ziren. Hoan gizonezkoen zatia (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 20

[Eta emakumeena. EuskalKultura.com-i kontatu zionez, irudian agertzen den neska euskal festara, bere amonak euren arbola genealogikoan Oñatitik etorritako arbaso bat topatu zuelako hurbildu zen (argazkia EuskalKultura.com)]

2014 los banos igandea 21

[Eta asteburua bukatzeko, azken erromeria Euskal Herritik etorritako Luhartz taldearekin. Datorren asteburuan emanaldia errepikatuko dute Luhartzekoek, oraingoan NABOKO biltzar nagusi eta festaren baitan (argazkia EuskalKultura.com)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia