euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gutxiago falta da: Euskal Jaialdi Handia antolatu dute bertako euskaldunek Connecticut-eko New London-en ekainaren 23an

2018/05/28

New Londoneko Euskal Jaialdiko kartela
New Londoneko Euskal Jaialdiko kartela

PUBLIZITATEA

New England Basque Club euskal etxea du antolatzaile, eta AEB ekialdeko euskal jairik handiena izatekotan antolatu dute, itsasondoan. Euskal Etxearen sortzaileak garai batean bertara lanera etorri ziren pilotariak edo haien ondokoak izan zirenez, euskal kirolek leku berezia izango dute festan, baina baita musikak, dantzak eta gastronomiak ere. Espektatibak handiak dira eta partaide izango direnen artean, AEBetako Mendebaldetik eta Euskal Herritik etorritako dantzari eta musikariak daude, baita New Londoneko Udala ere, alkatea buru. 

New London, AEB. Hau bai dela euskal gogo eta ekimena! New England Basque Club (NEBC) euskal etxe apala da, baina argi dauka geroari aurre egiteko apustu eginez behar diola ekin eta honela antolatu dute ekainaren 23ko hitzordu hau, Egun horretan, kalera aterako dira, plazara aterako dute urtero euskal komunitate barnean egiten duten elkarretaratzea, eta New Londoneko erdigunean ospatuko dute, bertako herritarrak gonbidatuta, oihartzun eta proiekzioduna nahi duten hitzordu hau, auzo amerikar ez-euskaldunak ere partaide nahi dituzten jaia, euskaldunei buruzko ezagupena eta ezagutza zabalduz eta sozializatuz, euskalduntasuna inguruarekin partekatuz.

Horretarako, ahaleginean bertako instituzioak hautatu dituzte partaide, Euskal Etxea bertan txertatutako errealitatea baita eta eskualdearen aurrerabiderako ahalegin orokorraren barnean jokatzean baitu zentzua. Hilaren 23an, New Londoneko agendak euskaldunak izango ditu erakargarri, euren kultura, gastronomia, kirolak, festa, musika... Parade bat, kabalkada edo desfile bat ere egingo dute hiriko kaleetan zehar eta ikurriñak protagonista aireratuko dira, bandera marradun izardunekin batera. Bertako euskaldunen sostenguan, Estatu Batuetako beste estatu batzuetatik ere etorriko dira partaideak, bai musikari eta artisten artean, eta baita publiko soilaren artean ere. Ekitaldiak, Euskadiren AEBetako Ordezkaritzaren sostengua ere badu, izan ere ordezkaria bera, Ander Caballero, New England-eko euskaldunen urratsen partaide baita, klubeko lehendakariorde legez.

Aipa daitezke, beraz, besteak beste, San Frantziskotik helduko diren txistulari eta dantzariak, Zazpiak Bat taldekoak; Chinoko Gauden Bat-ekoak; Nevadako Elkoaldetik iritsiko diren Ardi Baltza taldeko dantzariak; Montrealgo trainerua, estropaden eta euskal arraunlarien erakusgarri.

Herri kiroletan erakutsiko dira harri jasotzea (stone lifting), aizkolaritza (wood chopping), lokotx biltzea (corn cob racing), txingak (weight carrying) eta sokatira (tug-of-war), NEBC bertako kirol taldearen eskutik.

Alde gastronomikoari dagokionez, pintxoak zerbitzatuko dira, New Yorkeko Amona Events eta Mikel De Luis-en eskutik, (gildak, antxoa ozpinean, brotxetak, gazta, itsaskiak...); Txistorra, baita paellak ere, Floridako (Palm Beach eta Miami) Paella Grill (Luis Elu) eta Paella Party (Boni Guenetxea) enpresen eskutik. Eta New Yorkeko Txikito euskal jatetxeko Eder Montero eta Alex Raij ere bertaratuko dira, prestatzeko besteak beste: Kantauriko hegaluzea eskabetxean, 'Pintxo Tutera' eta bakailaoa ajoarriero.

NEBCeko lehendakari Juan Mari Aramendik deia egin die hurbileko eta urruneko euskaldunei ekaineko laugarren asteburuan bertara ingura daitezen, eta gonbidapen bera luzatu die Connecticut eta New England-eko herritarrei ere. Larunbatean euria egitekotan, igandera pasatuko zen.

Txartelak internetez daude salgai, hemen. Ez loak hartu, kopuruak muga badu eta agortzeko arriskua dago.

EGITARAUA

Ekainaren 22a, ostirala

5pm,Pintxo-Potea. Biltzeko gunea: Thames River Greenery.

Ekainaren 23a, larunbata

  • 11:00etan, Desfilea Udaletxetik Nathen Hale School-eraino, partaideen artean daudela trikitilariak, txistulariak, dantzariak, herri kirolariak... baita ere instituzioetako ordezkariak, hala nola New London-eko alkatea eta bertako agintari eta ordezkariak, Euskadiren ordezkaria, Euskal Etxeko lehendakaria, Naboko ordezkariak... Ondoren, banderak igotzea eta ereserkiak. Ohorezko aurreskua
  • 12:00etan, Euskal herri kirol erakustaldia, euskal dantza eta euskal musikariak, emanaldi tartekatuak. Traineru desfilea kirolari eta musikariekin Itsas Museora (Maritime Museum). Ohorezko aurreskua itsas gizon-emakumeei eta 25km-ko arraunaldia kostan. Dantzari eta musikariak plazara itzuliko dira euren emanaldiekin jarraitzeko, baita herri kirolariak ere.
  • 15:00etan, Bazkaria
  • 17:00etan, Mus Txapelketa
  • 17:00etan, Euskal musika
  • 19:00etan, Zozketa (euskal produktuen 20 otar)
  • 20:00etan, Itxiera zeremonia

-New England Basque Club-en Webgunea: http://nebasque.org
-Facebook: https://www.facebook.com/NewEnglandBasqueClub



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia