euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Txokoa euskaldunen ordezkari "Hiria bat, Herriak guztiak" lelopean Cordoban asteburu honetan antolatutako Gizataldeen Jaian

2014/11/05

Argentinako Cordoba hiriko Gizataldeen Jaialdian Gure Txokoa Euskal Etxearen partaidetza iragartzen duen afixa
Argentinako Cordoba hiriko Gizataldeen Jaialdian Gure Txokoa Euskal Etxearen partaidetza iragartzen duen afixa

PUBLIZITATEA

Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxea izango da datorren asteburu honetan euskaldunen ordezkari, hiri argentinar honetako Immigranteen Elkarteen biltzaile den UCIC batasunak, bertako Udala lagun, "Hiria bat, Herriak guztiak" lelopean azaroaren 6tik 9ra bitartean antolatutako  Gizataldeen Jaialdian. Hurbilduko den publikoak hogei bat stand bisitatu ahal izango ditu, herrialde partaideen mozkin, janari eta kultur ezaugarrien erakusgarri --eta janari kontuetan dastagarri--, eta 50etik gora dantza eta musika emanaldi eskainiko zaizkio hiriko Danta Hiribidean atondutako karpa azpian. Sarrera 20 peso izango dira, Udalaren Larritasun Ospitalearen alde.

Cordoba, Argentina. Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeak bere stand propioarekin hartuko du parte, ohi bezala, Gizataldeen Jaialdi honetan, aurten "Hiria bat, Herriak guztiak" lelopean UCIC edo Unión de Colectividades de Inmigrantes de Córdoba delakoa antolatzaile, hiriko Udala lagun.

Gure Txokoak jaialdiak bilduko dituen hogei bat standetako baten ardura izango du. Bertan, herrialde bakoitzak berean bezala, Euskal Herriaren aurkezpena egingo du, kultur aldea, produktuak eta janari/edari proposamen bat eskainiz Dante Hiribidean, Antzoki Grekotik gertu, propio instalatutako karpape handian.

Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, "Cordobako publikoak hurbildu eta hobeto ezagutu ahal izango du Euskal Herria bertan zerbitzatuko diren euskal janariekin, gure dantzekin, ohitura eta moldeen aurkezpenarekin eta euskara ere medio, guztia ezarriko baitugu hein handi edo txikiago batean jende aurrean".

"Hitzordua, Sarmiento Parkean izango da, ostegunetik igandera bitartean, azaroaren 6tik 9ra, arratsaldeko zazpietatik aurrera, igandean ezik, egun horretan 13:00etan hasiko baita. Zuen beha egongo gara", amaitzen da euskal etxeak gure erredakziora bidali duen oharra.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia