euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Graciana Goicoechandia: "Zirraragarria izan zen Unanuen mintzatzea eta Goikoetxaundia baserria bisitatzea Lizartzan"

2019/01/22

Graciana Goicoechandia Unanue Hoteleko hitzaldiaren aurretik, Lizartzatik etorritako Goikoetxaundiatarrekin hizketan
Graciana Goicoechandia Unanue Hoteleko hitzaldiaren aurretik, Lizartzatik etorritako Goikoetxaundiatarrekin hizketan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Graciana Goicoechandia abendu erdialdean itzuli zen Argentinara, Las Flores bere sorterrira, ostera azkarra egin ondoren itsasoaren alde honetara. 51 urteko euskal argentinar erreferente hau Europara etorria zen, Algeciras-era, Irakasleen I. Batzar Europarrean parte hartzera, abenduaren 6tik 8ra eta batzarra bukatu orduko BlaBlaCarra, trena eta autobusak bata bestearen segidan hartu eta 9an, igandea, eguna oraindik zabaltzeke, Donostiako autobusen geltokira iritsi zen, eta bertan jaso zuen EuskalKultura.com-ek.

Aurretik, behin baino ez zuen izana aukera Euskal Herrira bidaiatzeko, 2006an, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak urtero antolatzen duen Gaztemundu programaren baitan.

Aitaren aldetik Arbontze herriskako nafarren biloba, Romanzado udalean, aldi hartan, Nafarroan bizi ziren ahaide zuzen batzuk ezagutzeko egokiera izan zuen

Tinko sentitzen ditu Gracianak bere euskal eta argentinar izaera. Buenos Aires probintzia barnealdeko Las Floresen jaioa, familiarengandik datorkio bere euskal sentimenduaren indarra, berak Leire alabari, egun zortzi urteko neskatila, pasatu diona.


Graciana Lizartzan, Goikoetxaundia baserrian, bertan bizi diren goikoetxaundiatarrekin


Hitzaldia eskaini zuen Unanue Hotelean bere euskal eta argentinar eskarmentu eta sentipenetatik


Garcianaren Facebook-eko egungo azala, Unanue Hotelean Goikoetxeaundiatarrekin egindako argazkiarekin

Zortzi urtez izan zen bere herriko Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko lehendakari eta segitzen du bertako kide izaten. Alaba Leirerekin batera, joan den urrian, Mar del Platan egin zen Argentinako Euskal Aste Nazionalean partaide izan zen Las Floresko ordezkaritza batekin batera.

Izan ere, bere euskal sentimentua lagun bidaiatzen da, eta behin baino gehiagotan eramaten du ikurrina nazioartera egiten dituen irteeretan. Bera definitzerakoan, euskal alderdiaz gain, aipatu beharrekoak dira bere-berea duen irakasle izaera eta konpromisoa hezkuntza munduarekin, eta konpromisoa baita ere hiritar eta Las Floresko bizilagun gisa bere ingurukoekin, herri mailan, zenbait legealdi baitaramatza udal hautetsi gisa. Fededun hezkuntzaren balioaz, gogor borrokatzen da belaunaldi berriei hazteko eta trebatzeko, pertsonalki zein teknikoki tresnak ematearren, konputazio irakasle eta bere herriko Dante Alighieri Eskolako zuzendari izana.

Horretaz guztiaz mintzatu zen Donostiako Heredad de Unanue hotelean abenduaren 10ean eman zuen hitzaldian, EuskalKultura.com-ek luzatutako gonbitea onatuta. Unanuen, Lizartzako Goikoetxeaundia baserri eta abizeneko familiako ahaideen bisita jaso zuen, laurogei urteko bi gizaseme eta euretako baten semea eta alaba, bi aldeetatik oso berezia izan zen elkarretaratzean. Familiarekiko informazioa eta lotura dezente osatuarekin atera zen bertatik, hau ere Leireri eta familiaren adar argentinarrari pasatuko dion opari eta ezagutza.

Las Floresen bueltan, argiro azaltzen du bi egun eskaseko bidaia izan zela Euskal Herrira, baina gogoan daukala ia segundo oro, trinkoa izanagatik, zinez aberasgarri eta ikasgarria izan baitzitzaion, tartean bisita Durangoko Azokara, Lizartzako Goikoetxandia baserrira, Donostiara, elkarretaratzea bera ezagutzeko Unanue Hotelera propio hurreratu ziren Goikoetxaundia belaunaldi zaharreko kideekin, hitzaldia bera eta azken agurra horri guztiari gauerdian autobusa hartu behar izan zuenean Madrilera, bertatik Buenos Airesera hegaltatzeko.

"Zirraragarria izan zen Unanuen hitzegitea, Goikoetxaundiatarrekin mintzatu eta baserria bisitatzea Lizartzan", esan digu Las Floresetik, segidan berresteko, "itzuliko naiz".

Eskerrik asko, Graciana!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia