euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gorka Álvarez Aranburu eta Benan Oregi bisitari AEBko EEetan: New York, Reno, Boise, Bakersfield...

2024/05/17

Gorka Alvarez (ezk.) eta Benan Oregi (esk,) NABOren bilera batean, erdian Unai Telleria Euskadiren AEBko ordezkaria dutela (arg EEak)
Gorka Alvarez (ezk.) eta Benan Oregi (esk,) NABOren bilera batean, erdian Unai Telleria Euskadiren AEBko ordezkaria dutela (arg EEak)

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez Aranburuk eta honen bulegoan teknikari den Benan Oregik bidaia hasi dute gaur New Yorken Estatu Batuetako euskal etxe eta erakundeak solaskide izango dituena, geldiune izango dituztela New York (New York Hiria), Nevada (Reno, Donostiarekin senidetutako hiria), Idaho (Boise, Gernikarekin senidetutako hiria) eta Kalifornia (Bakersfield...). Atzo osteguna iritsi ziren Sagar handira, eta bertan elkarrizketatuko dira, besteak beste, hiriko Eusko Etxeko zuzendaritza berriarekin eta Euskadiren Ordezkaritzarekin.

Aipatu lekuetako euskal etxeei egingo dieten bisitekin batera, Renon Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa bisitaturik eta Boisen Euzkaldunak elkartea eta Euskal Museoa (euskal gizataldeko ordezkari gehiagorekin batera), osterako gailurra euren iristera Los Angelesera eta handik Bakersfielderaino egingo duten programa izango da, izan ere NABOren Urteko Biltzar Nagusi eta Euskal Festa bertan izango baita maiatzaren 24tik 27ra, bat eginez hiriko Kern Country Basque Club (KCBC) euskal etxearen 80. urteurrenarekin.

NABOren Biltzarra maiatzaren 24an

Bakersfielden agurtuko dituzte eta mintzatuko zaizkie NABO Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Federazioaren Biltzar Nagusiko delegatuei, hiriko Wool Growers euskal ostatu historiko famatuan bildurik. Gogora dezagun 1954an Maitia familiak abiatutako jatetxe honen lekukoa duela bi hilabete pasexe jaso zuela, San Frantziskotik etorrita, Frantxu Camou kaliforniar euskaldunak. Euren anfitrioi izango dira, KCBCeko lehendakari Louis Iturriria eta NABOko lehendakari Jean Flesher, anfitrioi baita ere Argentinatik bidaiatuko diren FEVAko lehendakari Asier Iriberri eta lehendakariorde Arantxa Anitua, federazio euskal argentinarrak otsailaren 27an egin zuen Biltzarrean hala hautatuak. Ez ahantzi, NABOko Jean Flesher iazko FEVAren Euskal Aste Nazionalera gonbidatu zutela, eta oraingoan NABOk gonbidatu dituela FEVAko buruzagiak, Eusko Jaurlaritza babesle.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia