euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gora ari da Argentinan Danborradarekiko zaletasuna: hurrengo hitzordua, Cañuelasen bi aste barru

2023/03/30

2022ko Euskal Aste Nazionaleko danborrada Macachinen. Erdian, Armadaren Banda, eta alboetan danborrak eta upelak
2022ko Euskal Aste Nazionaleko danborrada Macachinen. Erdian, Armadaren Banda, eta alboetan danborrak eta upelak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Ez da erraza jakitea noiz entzun ziren lehen aldiz Argentinan danborrada donostiarraren akorde eta tarrapatak. Auñamendi Entziklopediaren arabera, joan den mendeko 20ko hamarkadarako, jaia ospatzen zen euskal komunitatean. Egun ere fenomeno hazkorra da eta gero eta gehiago dira euren danbor eta upelekin danborradetan parte hartzen duten Argentinako euskal etxeak, eta maizago ere entzuten dira festetan Sarriegik, San Sebastian Egunean jotzen duten konpartsentzat, konposatu zituen doinuak. [Diasporan ere, baina Estatu Batuetan, Sarriegiren danborradako piezetako bat, Diana, Boiseko Jimmy Jausoro musikariak egindako bertsio moldatuan, haur eta familiek urtero udako pikniketan gehien maite dituzten musiketako bat da, eta dantzan eta txaloka ohoratzen dute]

Argentinara itzuliz, batzuetan grabazioekin, beste batzuetan armadako edo udal banda batek zuzenean lagunduta, Danborrada Argentinako euskal egutegiko hitzordu askotan jotzen dute, sortzez dagokion urtarrileko datan, baina baita urtean zehar ere bestelako euskal ospakizunetan. Necocheako Euzko Etxea aitzindari eta euskal etxe erreferentzialetako bat da danborrada kontuetan, duela zenbait hamarkada urtero antolatzen baitu donostiar erako San Sebastian jaia. Izan ere, karia horretara, 1997an, orduan Euzko Etxeko lehendakari zen Felipe Muguerzari Urrezko Danborra eman zioten Donostian.


Cañuelaseko Danborrada duela urte batzuk, 2016ko Aberri Egunean: Tatiago


Danborrada euskal-argentinarra joan den urrian Macachinen: San Sebastian Martxa

Euskal Aste Nazionala izan ohi da urtero Danborrada euskal argentinarraren derrigorrezko hitzordua. Besteak beste, Bahia Blancako Unión Vasca, Necocheako Euzko Etxea, Mar del Platako Denak Bat, Buenos Airesko Laurak Bat, Pergaminoko Lagun Onak, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Cañuelasko Denak Bat eta Maipuko Anaitasuna dira upel eta danbor jotzaileak aurkezten dituzten EEak. Eta, 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' festaren edizio bakoitzean, horietako batzuk berriro biltzen dira eguneko ikuskizun erakargarrienetako bat eskaintzeko.

Hurrengo Danborrada hitzordua apirilaren 15ean da, larunbata, Cañuelasen,  Aberri Eguneko Dantzarien Topaketaren baitan

Duela gutxi, otsailean, Mar del Platako Denak Batek antolatutako 80. urteurreneko jaialdian eta martxoan, FEVAk eta Mar del Platako Euskal Etxeak antolatutako Musikarien Topaketan, danborradak bere lekua izan zuen. Eta hurrengo hitzordua apirilaren 15ean, larunbata, izango da, Cañuelaseko San Martin Plazan, arratsaldeko 18etan, Eduardo Olivetto zuzendari, danborradak Dantzarien 15. Topaketari hasiera emango dionean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia