euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gehitu nahi al diozu euskal zinema online zure Euskal Etxeak bazkideei egiten dien urteko kultur eskaintzari?

2021/02/02

Gauzak konplikatuta dauden une honetan, Euskal Zinema online zure Euskal Etxearen eskaintza aberas dezakeen aukera izan daiteke
Gauzak konplikatuta dauden une honetan, Euskal Zinema online zure Euskal Etxearen eskaintza aberas dezakeen aukera izan daiteke

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aurten hamaikagarren urtea egingo du Carlos Gabilondok euskal filmak --normalean labur bat edo ondoren film luze bat-- eskaintzen Argentinako euskal etxeetan. Laneko erretiroa hartu zuen euskal jatorriko Gabilondok, eta bide hau topatu zuen zinemarekiko zaletasunari eta bere euskal sustraiei ekarpen bat egiteko borondatea batzeko. Eta honela sortu zuen Euskal Zinema Ibiltaria proiektua, iaz 10 urte bete zituena, hasieran Buenos Airesko Euskaltzaleak-en, ondoren herrialde osoko hainbat euskal etxetan.

Iaz, pandemiak guztia aldatu zuen, eta baita bere jarduna ere, eta Gabilondok jokabidea moldatu eta sare sozialak eta Zoom plataforma gehitu zizkion eskaintzari. "Beharra bertute" bihurtuz, orain ikusle eta partaideak nonahitik sar zitezkeen saioetan, eta filma euren etxeko pantailaren aurrean lasai jarrita segi zezaketen euskal zinemazaleek, bidea emanez urrun egotea, denbora edo oztopo fisikoak zailtasun zeuzkatenei, etxetik mugitu gabe filmak ikusi eta lagun giroan komentatu eta lantzeko.

Euskal Zinema Ibiltariak egiten duen proposamena erraza, polita eta aberasgarria da, eta norbanakoek zein euskal etxeek bat egiteko modukoa. Izan ere, pandemiak baldintzatuta segitzen duen panorama honetan Euskal Etxeek aukera hau aise emenda diezaiekete bazkideei egin dizkieten proposamenei. Merkea ere bada, Carlos Gabilondok beti musutruk egin baitu, "ad honorem", Argentinan-eta esan ohi den bezala. 

Berarekin adostea baino ez da. Euskal filmak, edo euskal lotura bat duten filma esanguratsuak hautatzen saiatzen da Gabilondo, eta batzuetan gonbidatu gisa gehitzen ditu zuzendari edo protagonistetakoren bat, gehienetan Euskal Herritik, filmaren ondoko solasa aberas dezaten.

Kontaktatu Euskal Zinema Ibiltariarekin bere Facebookez edo idatzi zuzenean emaila Carlos Gabilondori  (jubilondo@gmail.com). Azkar erantzun ohi du. Emanaldiak martxo erdialdean hasteko asmotan da. Animatu eta sartu Euskal Zinema zure Euskal Etxearen proposamenetan! Berehala ematen hasiko da aurtengo egutegia!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia