euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur jarriko da abian ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren hirugarren fasea eta diasporatik ere har dezakegu parte

2020/04/24

Berriz ere heldu da Euskaraldia
Berriz ere heldu da Euskaraldia

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. 2018ko lehenengo edizio arrakastatsuari segida emateko ‘Euskaraldia’ izena hartzen duen ariketa soziolinguistikoaren bigarren edizioa aurten, urte amaieran, egingo da, Antolatzaileek azaldu bezala, “Oraingoan gure arteko mugikortasuna eta aurrez-aurre harremantzeko aukerak murriztu badira ere, Euskaraldiaren bigarren edizioak bere bidea darrai eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra egiten segituko dugu". "Argi utzi nahi dugu ariketa sozial polita eginen dugula elkarrekin, gure hizkuntza-ohiturak inarrosi eta hobekuntzak finkatzeko”.

Gogora dezagun ‘Euskaraldia’, euskararen erabilera bultatzeko rol-joko bat dela eta partaideek Ahobizi edo Belarriprest izatea hautatzen dutela, eta euren rola txapa baten bidez adierazten dutela. Bigarren edizioari begira eta “motorrak berotzen hasteko”, aste honetan abiatuta honako proposamena ari da garatzen Etxealditik Euskaraldira izenpean:

Etxealditik Euskaraldira

2020ko Euskaraldia prestatzen hasteko hiru faseko ekimen bati eman zitzaion hasiera joan den astelehenean. Proposamena “bizi dugun egoera ezohiko honetan, etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbita” da. Ekimenak bi helburu nagusi ditu: hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak edo proposamenak eskainiz.

Lehenengo fasea joan den astelehenean, apirilaren 20an egin zen, ekimena aurkeztearekin. Bigarrena, asteartetik atzo arte garatu da, apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa egiteko hainbat ariketa proposatuz. Azkenik, hirugarren fasea gaur hasi da, eta apirilaren 24tik 30era luzatuko da. Ekintzak sare sozialetan garatuko dira eta asmoa da eguneroko bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko eta bakoitzak praktikan ezartzeko ariketa proposamenak zabaltzea. Iniziatiba, maiatzaren 3an antolatuko den hitzordu birtual eta kolektibo batekin itxiko da.

Bistan denez, oso erraza izango da Diasporatik ere parte hartzea, proposamenak Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko baitira. Parte hartu nahi duenak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sarera partekatzera animatuko du ekimenak. Denek denen berri izateko, @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira hashtag-a erabili behar dira.

Euskaraldia Facebook-en, Instagram-en, Twitter-en
www.euskaraldia.eus 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia