euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gatibu taldeak Ameriketan bira egingo du: NY, Mexiko, San Francisco, Los Angeles eta Washington-en izango dira, besteak beste

2016/06/17

Gatibu taldearen AEB eta Mexikoko biraren afitxa
Gatibu taldearen AEB eta Mexikoko biraren afitxa

PUBLIZITATEA

Datorren larunbatean Gatibu taldea Ameriketara abiatuko da, Estatu Batuetan eta Mexikon kontzertu bira bat egiteko. Taldeak kontzertuak iragarri ditu NY, Mexiko, San Frantzisko, Chino (LA) eta Washington-en, azken honetan Smithsonian Folklife Festival jaialdi handiaren barruan. Horrez gain, taldeak EuskalKultura.com-i aurreratu dio kontzertu gehiago egongo direla eta Kaliforniako Visalia herrian eta Mexikoko Tijuanan ere izango direla.

Donostia-San Sebastián. Gatibu taldea Washingtonen izango da uztailaren 8an, bertako Smithsonian Museoaren Folklife Festival jaialdian parte hartzen. Aurtengo jaialdiaren gaia euskal kultura da eta AEBetako euskal komunitatearentzat hitzordu oso esanguratsua izango da. Gatibu bertan egongo da, Estatu Batuetako eta Euskal Herriko lagunekin data garrantzitsu honen partaide.

Aurretik, baina, talde gernikarra AEB eta Mexikon barrena ibiliko da, zenbait kontzertu eskaintzen. EuskalKultura.com-ek taldeko Haimar Arejitarekin hitz egin du, eta berak azaldu duenez taldeak Ameriketako Diasporako euskaldunen aurrean jotzeko gogo handia du. Ezaguna dute AEBetako diaspora, izan ere, Haimar berak familia baitu Renon: bere osaba bat, Joxe Mallea-Olaetxe ikertzailea, Renoko Unibertsitateko kide da eta urteak eman ditu Nevadako euskal artzainek zuhaitzetan utzi zituzten lertxun-marrak ikertzen.

Taldeak azaldu duenez, bira honetako kontzertu asko euskal etxeetan izango dira eta publiko berezi honen aurrean jotzeko gogo handia dute: "Zer espero dugu aurkitzea? Ba, jende jatorra espero dugu, bere euskal kulturaz harro dagoena, eta beti ere hango 'criollo' puntu hori, hango kultura ere duena", esan du Arejitak.

Taldeak data hauek iragarri zituen hasieran, baina azken egun hauetan kontzertu gehiago gehitu dituzte. Hasierako kontzertuak hauek ziren: NY, ekainaren 27an; Mexiko Hiria (euskal etxean), 28an; San Frantzisko (Basque Cultural Center), 30.ean; Chino, LA ( Southern California Basque Club), uztailaren 3an, eta, amaitzeko, Washington, Folklife Festival-aren barruan, uztailaren 8an.

Hauez gain, Arejitak hauek ere iragarri ditu: beste data bat Mexikon (ekainaren 29a); Kaliforniako Visalia-n, uztailaren 1ean; bigarren kontzertu bat Chinon, uztailaren 2an, eta emanaldi bat Los Angelesen uztailaren 6an. Horrez gain, azken unean Mexikoko Tijuana hirian ere egin daiteke beste emanaldi bat, oraindik lotzeke.

Gatiburi buruzko informazio gehiago, taldearen webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia