euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gatibu gernikarrek "Amerika subtropikala bira" hasiko dute Montevideon apirilaren 29an: Uruguai, Argentina eta Txile

2024/04/19

Gatibu talde bizkaitarrak apirilaren 29tik aurrera Uruguay, Argentina eta Txilen egingo duen 'Amerika subtropikala birako afixa
Gatibu talde bizkaitarrak apirilaren 29tik aurrera Uruguay, Argentina eta Txilen egingo duen 'Amerika subtropikala birako afixa

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Munduan zehar sakabanatuta dauden euskal musikaren zaleak ospatzeko arrazoi bat baino gehiago izaten ari dira azken hilabeteotan. Izan ere, bira dezente gauzatzen ari dira musika taldeak Euskal Herritik mundura, Europako eta Amerikako publikoari begira bereziki. Gaurko berria Gernikatik datorkigu eta Gatibu rock eta pop talde du protagonista. Bizkaitarrak Hego Amerikara bidaiatuko dira lehen aldiz, orotara bost kontzertu eskainiz Uruguai, Argentina eta Txilen.

Taldeak berak sare sozialetan zabaldu duenez, Rio de la Platan emango duten lehenengo kontzertua apirilaren 29an, igandea, izango da, Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean. Ondoren, Argentinan jarraituko dute bira, honako egitarauarekin:

Maiatzaren 2an, osteguna, Buenos Airesko Bula Kultur Gunean
Maiatzaren 4an, larunbata, Rosarioko Distrito Siete aretoan
Maiatzaren 5ean, igandea, Viedmako Kulturako Udal Zentroan

Uruguaiko (ikus hemen) eta Argentinako kontzertuak doakoak izango dira. Ondoren, 'Amerika subtropikala' birari amaiera emateko, Txileko Santiagon joko dute bizkaitarrek, bertako Euzko Etxean, maiatzaren 11n, larunbata. Sarrerak, hemen.

Gatiburen ibilbidea

Alex Sarduik (ahotsa), Haimar Arejitak (gitarra), Xabi Bengoak (gitarra), Gaizka Salazarrek (bateria), eta Ekain Alzolak (baxua) osaturik, Gatibuk bere errepertorioa errepasatu eta bere azken diskoa den EH Distopikala (2023) aurkeztuko du.

Azken lan honek “pop elektronikoa, funka, eragin latinoak, Karibeko doinuak eta Afrikako erritmoak” biltzen ditu. Ibilbide luzea du Gatibuk. Hogei urte baino gehiago pasatu dira dagoeneko taldea Gernikan sortu zenetik, eta bederatzi disko ditu kalean. Denbora honetan sari ugari jaso ditu, tartean Getxoko Bertsolari Elkarteak emandakoa, bizkaiera musika arloan erabiltzeagatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia