euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fresnoko festarekin bihar hasiko da Estatu Batuetan, 2017ko uda parteko euskal piknik eta jaialdien sasoia

2017/05/05

NABOk Buffalon egin zuen azken Biltzar Nagusi edo Convention Euskal Jaiko kabalkada irudiak (arg. EuskalKultura.com)
NABOk Buffalon egin zuen azken Biltzar Nagusi edo Convention Euskal Jaiko kabalkada irudiak (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Beste urtebete, eta uda aldera hurbiltzen ari garela, hemen dugu beste behin euskal piknik eta jaialdien sasoia Estatu Batuetan, maiatzean hasi eta urrian bukatzeko. Tartean, AEBetako euskal etxe eta komunitate antolatuek euren piknik eta jaiak egingo dituzte, bertan finkatuta dagoen euskal-amerikar modu tradizionalean. Bihar Fresnon (Kalifornian) hasi eta urriaren 14an Rocklinen (Kalifornia baita ere) bukatu den programak, uztailaren 21-24an Wyoming-eko Buffalon ospatukoduen NABO Convention eta Festa izango du seguruenik hitzordu nabariena.

San Frantzisko, AEB. Urtero garai honetan, Estatu Batuetan hainbat norbanako eta familia euskaldun motorrak berotzen hasten dira, euren euskaltasuna ospatu eta ospakizun hori beste hainbat pertsona eta familia euskal-amerikarrekin lotu eta partaidetuko dituen zeremonia eta elkarretaratze egutegi bati ekiteko. Amerika osoko beste hainbat herrialdetan bezala, Estatu Batuetako euskal komunitateetan, gehienak bertan jaiotakoak dira, estatubatuar, baina euskal giro eta familietan jaioak edo haziak izanik, presente eta baliotsu daukate euren bizitzetan euskal sentimentua, eta partaidetza-sentimentu horren adierazgarri eta elikagarri da, izan ere, urtero, norbera bizi den hiriko edo inguruko euskal festetan parte hartzea. Jende askori --eta are gehiago euskal komunitateari komunitate bezala-- arnasbide, adierazpide eta mugarri zaizkio uda edo uda inguruko euskal piknik eta elkarretaratzeak, eta ez galtzen saiatzen dira. Gero eta Europako euskaldun gehiago ere agertzen da bertara.

Aurten ere, maiatzean Fresnoko Euskal Piknik eta Festarekin hasi, eta urri erdialdeko Rocklin-eko Euskal Jaialdiarekin bukatuko dira piknikak. Tartean eta aurretik eta ondotik izango dira beste hainbat elkarretaratze edo hitzorduak, baina "piknik" edo "festival" aipatzen ditugunak, festa nagusiak dira, Euskal Herriko herri bakoitzeko jaien parekoak. Urtero, gainera, Estatu Batuetako euskal hitzordu nagusi gisa hartua den bat antolatzen da, NABOren Biltzar Nagusia edo Convention bileraren inguruan eta hori, 2017an, Wyoming-eko Buffalo egokitu zaio, uztailaren 21-24an, bertako Big Horn Basque Club antolatzaile.

Gogora dezagun Buffalon --San Frantziskotik 2.016 kilometro kontinentean barneratuz, Oesteko herriska tipikoa da, kale luzea eta egurrezko eraikuntza tipikoak errepidearen bi aldeetara--. bertako Big Horn Basque Club euskal etxeak ondoko Big Horn mendiei zor diela izena, eta Buffalotik iparraldera, ondoko Montanan, galdu zuela bizitza Custer generalak indioek akabatuta Little Big Horn batailan, 1876an, Euskal Herrian foruak galdu ziren urte berean. Urte gutxi batzuk geroago iritsiko ziren euskaldunak Montana eta Wyoming-era, eta 19. mendeko azken urteetan hasiko ziren bertan gelditzen, laketzen eta bertakotzen, arrantxari eta cowboy bihurtzeko. Aitzindari haien ondorengo batzuk, arrantxari eta cowboy petoak, Buffaloko euskal jaietan ikusiko ditugu, bertako lurrari lotutako euren molde amerikar sakonak, Estatu Batuetako beste hamaika lekuetatik eta Euskal Herritik eta Diasporako gainerako herrialde batzuetatik bertara euska festara joandako euskaldunenekin nahasiz eta partekatuz.

Buffalokoa, uztailean, aurtengo nagusia, baina orotara hauek dira AEBetako 2017ko sasoiko hitzordu behinenak:

PIKNIK & JAIALDIAK

MAIATZA

-Maiatzaren 6an, Fresnoko Euskal Piknik eta Festa (Kalifornia)
(Maiatzaren 13an, Basque BBQ, John Garamendi's Ranch, Mokelumne Hill (Kalifornia)
-Maiatzaren 20an, Txitxiburduntzi Jaia, New England Basque Festival (Connecticut)
-Maiatzaren 20an, Sagardotegi Dinner, Boise Oinkari Basque Dancers (Idaho)
-Maiatzaren 21ean, Los Banos Basque Picnic (Kalifornia)
-maiatzaren 27-28an, Bakersfield Basque Picnic. Kern County Basque Club (Kalifornia)

EKAINA

-Ekainaren 4an, San Francisco Basque Club Picnic, Petaluma-n (Kalifornia)
-Ekainaren 10ean, Winnemucca Basque Festival (Nevada)
-Ekainaren 25ean, Utah Basque Picnic, Salt Lake City (Utah)
-Ekainaren 25ean, Txoko Ona Basque Festival (Idaho)
-Ekainaren 30ean, Elko Basque Festival (Nevada)

UZTAILA

-Uztailaren 1-2an, Elko Basque Festival (Nevada)
-Uztailaren 2an, Southern California Basque Festival, Chino (Kalifornia)
-Uztailaren 8an, Vancouver, San Fermin (British Columbia, CA)
-Uztailaren 15ean, Reno Basque Festival (Nevada)
-Uztailaren 16an, Gooding Basque Festival (Idaho)
-Uztailaren 21-24an, Buffalo NABO Convention & Basque Festival (Wyoming)
-Uztailaren 28-30, Boise San Inazio Basque Festival (Idaho)

ABUZTUA

-Abuztuaren 5ean, Mountain Home Basque Festival (Idaho)
-Abuztuaren 12an. Gardnerville Kantari Eguna & Basque Festival (Nevada)
-Abuztuaren 15ean, Buffalo Andra Dena Mari Celebration (Wyoming)
-Abuztuaren 18-20an, Boise Basque Museum Wine Fest (Idaho)
-Abuztuaren 26-27an, San Francisco Euskal Etxeko Jaialdia (Kalifornia)

IRAILA

-Irailaren 2-3an, Chino Basque Festival (Kalifornia)
-Irailaren 9an, Santa Rosa Basque Festival (Nevada)
-Irailaren 9an, Washington DC, Piperra Palooza (Washington DC)
-Irailaren 10ean, Marin-Sonoma Basque (Kalifornia)
-Irailaren 30ean, Ontario Mikel Deuna (Oregon)

URRIA

-Urriaren 14an, Susanville Lamb Stew (baieztatzeke) (Kalifornia)
-Urriaren 14an, Rocklin Iparreko Ibarra Basque Festival (Kalifornia)
-Urriaren 22an New England Sagardo Eguna Festival (Connecticut)
-Urriaren 22an, BEO Basque Culture Day (Kalifornia)

(piknik tradizionalen sasoitik kanpo geratzen badira ere urriaren 22ko bi azken hitzordu horiek interesgarriak direlakoan emendatu nahi izan ditugu)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia