euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara, dantza eta sukaldaritza lantegiak egin zituen Mallorcako Artea Euskal Etxeak asteburuko barnetegian

2012/05/28

Ikasleak jo eta ke lanean Mallorcako Euskal Etxearen 2012ko barnetegian (argazkia MallorcaEE)
Ikasleak jo eta ke lanean Mallorcako Euskal Etxearen 2012ko barnetegian (argazkia MallorcaEE)

PUBLIZITATEA

Ekimen ugari ari da burutzen azken asteotan Mallorcako Artea Euskal Etxea: dantza ikastaroa, Athletic-en partidak ikusteko afariak, hiriko azokan standa jartzea.. Bereziki aipagarria da apiril hondarrean elkarteak gauzatu zuen barnetegia, lehen aldia zelako eta emaitza bikaina lortu zuelako. Euskal etxeko bi euskara taldeek elkarrekin ikasi eta elkar ezagutu ahal izan zuten ikastaro trinko honi esker eta, horrez gain, ordutegi arazoeangatik klaseetan parte hartzeko aukera ez daukaten bazkideek ere parte hartu ahal izan zuten. Datorren urtean esperientzia errepikatzeko asmoa du elkarteak.

Palma, Mallorca. Mallorcako Artea Euskal Etxeak barnetegia egin zuen iragan apirilaren 28 eta 29an, eta bertara bildu ziren elkarteko euskara eskoletako ikasleak. Egun bi euskara talde ditu euskal etxeak, bat hasierako mailakoa eta bestea erdikoa, eta 18 ikaslek hartzen dituzte eskolak, Manoli Korta irakasleak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Barnetegian ikasle horietako gehienak eta elkarteko beste zenbait bazkidek ere hartu zuten parte eta pozik ageri dira emaitzarekin. "Barnetegiaren ideia, euskara klaseetako batean sortu zen; batetik, dauden bi taldeek elkar hobeto ezagutzeko aukera izateko, bestetik euskal etxean badelako jendea klaseetara etorri nahi bai baina ezin duena etorri aste-egunetako ordutegi arazoengatik. Eta, bukatzeko, ondo pasatzeko aukera aparta iruditu zitzaigulako", esan du Kortak.

Euskara, dantza, txalaparta...

Barnetegiaren egitaraua trinkoa izan zen eta larunbat eta igande goizean euskara klaseak eman ziren (10:30etatik 13:30etara). Baina propio euskaraz zenaz gain beste jarduera batzuk ere egin ziren, bereziki astean zehar elkarteko ikastaroetan parte hartzeko aukera ez dutenentzat. "Larunbat arratsaldean sukaldaritza ikastaroa egin genuen eta, ondoren, prestatutakoa afaldu genuen", azaldu du Manolik. "Natxo Knörr etorri zen abesti batzuk kantatzera eta hor aritu ginen kantari. Igande arratsaldean txalaparta eta dantza tailerra egin genuen", esan du euskara irakasle ordiziarrak.

Mallorca Barnetegia 2012 (1)

[Euskara klaseetako bat Mallorcako Artea elkartearen barnetegian (argazkia MallorcaEE)]

Euskara klaseetara bataz-beste 14-15 bat lagun bildu ziren, dantza eta txalaparta tailerretara ere bai; baina, zalantzarik gabe proposamen tentagarriena sukaldaritza ikastaroa izan zen, guztira 30 bat lagunek parte hartu zuten eta. Euskara irakasleak Manoli eta Jesus izan ziren; sukaldaritza irakasleak, Bego eta Sandro; dantza irakaslea, Ander; eta txalaparta maixua, Javi.

"Oso ondo pasatu genuen eta jendea gustura ibili zen. Aurrera begira urtero antolatzera animatu gara", gehitu du Kortak.

Artea Euskal Etxeak bere facebook orrian barnetegiko bideo hau jarri du:



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia