euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal txiletar multzo batek Viñan txistulari doinuz kalejiraka ospatu zuen 'Inazio Deuna' festa

2013/09/16

Kalejira Txileko Viña del Mar-eko kaleetan 'Inazio Deuna' ospatzeko, "Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea" elkarte txiletarra antolatzaile
Kalejira Txileko Viña del Mar-eko kaleetan 'Inazio Deuna' ospatzeko, "Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea" elkarte txiletarra antolatzaile

PUBLIZITATEA

Diasporan --eta Euskal Herrian bertan-- Iñaki Deuna, Inazio Deuna, Iñaki Donea, San Inazio eta bestelako izenak ere har ditzake Azpeitiko Loiolan jaio zen euskal santuaren jaiak; izen batez edo bestez, urteko jai garrantzitsuenetakoa izan da eta da munduko hainbat euskal etxe eta komunitatetan. Txileko Viña del Mar-en, txiletar euskal jatorridun eta gabeek bat egin zuten iragan abuztu hasieran jaia kalejiran, txistua, danbolina eta alboka lagun, ospatzeko, Angel Espinoza txistulari eta Maitane Uribe dantzarien buru, biak "Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea" elkarteko partaideak.

Viña del Mar, Txile. Izan ere, Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea (jatorriz honela, euskaraz) delako elkarteak Viña del Mar-eko kaleetan barrena --Plaza Maria Luisa Bombal-en gehienbat-- ospatu zuen abuztuaren 2an, dantza erakustaldi zabal bat eginez (aurreskua, fandangoak, herriko dantzak eta jota zaharrak) instrumentu tradizionalez (Txistu-danbolina, alboka eta txirula) giro alai eta bizia sorturik eta kaleko jendea parte hartzera bultzatuz eta lortuz, herriko dantza batzuen kasuan eta, bereziki, amaierako kalejira handian.

Halaxe, bizi-bizi eta entusiasmoz beterik kontatu dio EuskalKultura.com-i Raimundo Riquelme Zubelzu euskaltzale euskal-txiletarrak. Txilen erroak Gipuzkoako Ibarrakoak jaio zen Riquelme, Viñako ospakizuneko partaide izan zen, izan ere Txileko Hilario Olazaran eta Gure Etorkia euskal elkarteetako kide eta arduradun baita bere bizitza osoan euskara eta euskal kultura sustatzaile eta euskal kantari izan den, eta egun ere hala segitzen duen Raimundo, egun lankide dituela Raimundo eta Aitor Xabier semeak, txistulari eta danbolindero aktibo direnak.

Santiago Gure Etorkia Txistu 2013

[Raimundo Riquelme taldeko dantzariekin]

Ekitaldiko arduradun izan ziren baita ere Hilario Olazaran elkarteko Maitane Uribe (dantzarien buru) eta Angel Espinoza (txistularia). Eurak, izan ere, esker hitzak izan zituzten ekitaldian lagungarri izandako Viña del Mar-eko Udala, Kepa Bilbao Laka Fundazioa, Gure Etorkia kolektiboa eta Colectividad Vasca de Chile euskal etxea. Azpimarratu zuten baita ere "Hilario Olazaran elkarteko kide eta ikasle diren gaztetxoak daukaten ilusio eta engaiamendua, loratzen ari den zaindu beharreko hazia, euretako asko euskal jatorrikoak ez izanik Txilen euskal musikari eta dantzari gisa ari baitira garatzen".

"Irailerako aurkezpen berriak iragarri zituzten, gainera, Viñan eta Valparaison", esanik amaitzen da Raimundo Riquelme Zubelzuk eskainitako lekukotasuna.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia